Nafarroako Auzitegi Gorenak berretsi egin du joan den otsailean Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak emandako epaia, zeinaren arabera baliogabetuta gelditu zen Iruñeko Udalak hiriburuko bi haur eskolatan euskarazko eredua ezartzeko egindako moldaketa. Udalak orduko hartan aurkeztutako helegiteari erantzunez eman du epaia Gorenak.
Auzitegiaren esanetan, Donibane eta Printzaren Harresi haur eskoletan Udalak egindako aldaketak bere eskumenetatik haratagokoak izan ziren. Zehazki, epaileak argudiatu du hizkuntzaren araberako eskaintzaren aldaketa “berrordenatze” hutsa baino eraldaketa sakonagoa izan zela, planifikazio osoa aldatu baitzen, eta zeregin hori Gobernuko Hezkuntza Sailari baino ez dagokiola.
Zentzu horretan, otsailean emandako eta iraun berretsitako epaiak aipatzen du euskarazko plaza kopuruaren igoera handia izan zela –164tik 408ra–, eta gaztelaniazkoak edo gaztelania eta ingelesezkoak ziren 225 plaza kendu zirela. Honenbestez, lehengo egoerara itzultzeko agindu du Auzitegi Gorenak.