argia.eus
INPRIMATU
Iruñeko auzo guztietan euskarazko murgiltze eredua duten haur eskolak ipintzeko eskatu diote udalari
  • Hamabi haur eskola publiko daude Iruñean, eta horretatik bakarrean dago euskarazko eredua. Protesta egin dute dozena bat eragilek, eta euskal hiztunen “egoera berezia” aintzat har dezan galdegin diote udalari.

Julene Flamarique 2024ko abenduaren 12a
Udalaren aurrean amaitu da mobilizazioa Iruñeko Euskalgintza plataforma

Astearte iluntzean, dozenaka familiek protesta egin dute Iruñean, udaletxearen atarian, zera eskatzeko: hiriko auzo guztietan euskarazko murgiltze eredua eskaini dezatela haur eskola publikoek, egun udalak kudeatzen dituen hamabi eskoletatik bakarrean baitago ezarririk. “Sustapen eta ekitate neurriak” eskatu dituzte horretarako.

Iruñeko Euskalgintza Plataformak deitua, “haur eskolak euskaraz auzo guztietan” lemapean AEK eta IKA euskaltegiak, Sortzen elkartea, EHE, Euskalgintzaren Kontseilua, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, LAB, ELA eta Steilas sindikatuak eta Administrazioan Euskaraz Taldea batu ziren protestara.

Mobilizazioa Alde Zaharrean hasi, Sarasate pasalekutik abiatu, eta Udaletxe Plazan amaitu da. Han, Asier Biurrun bozeramaile, 200 bat pertsonek “haur eskolen kasuan ere euskarazko irakaskuntza eta zerbitzuek neurri bereziak” behar dituztela adierazi dute, eta Iruñeko Udalak Hizkuntza Gutxituen Europako Itunean ezarritako printzipioei jarraitu beharko liokeela: batetik, “euskara sustatzeko benetako ekintzak burutzea, berau babesteko asmoz”; bigarrenik, “euskara maila guztietan irakatsi eta ikertzeko baliabideak eskaintzea”; eta azkenik “euskaraz hitz egiten ez dakitenei ikasi ahal izateko baliabideak jartzea”.

Euskal hiztunen “egoera berezia” kontuan har dezan eskatu diote Iruñeko Udalari: "Haur eskolak haurren heziketari lotutako zerbitzuak izanda, Iruñeko etorkizuneko herritarrek euskaraz ere bizi ahalko direla bermatzeko ezinbestekoak baitira". Euskara “Iruñeko berezko hizkuntza” izanik, 2027ra arte Haurtzaroaren Hiri Lagun konpromisoaren berrikuntzaren harira “haurren hizkuntza-eskubideez hitz egiteko garaia” dela iradoki dute, eta udalari “haur guztiak berdintzat jotzen dituen ala ez” planteatu.