“Ez da posible hiri guztia zeharkatu behar izatea seme-alabak hemengo jatorriko hizkuntzan murgiltzeko” salatu dute guraso askok. Euskarazko plazak ere “oso urriak direla” salatu dute familia askoren artean eginiko bideoan.
Manifestazioa egingo du Iruñean, abenduaren 11n, Iruñeko Euskalgintzak, Iruñeko auzo guztietako haur eskoletan euskarazko eredua aldarrikatzeko. Larunbatean egin zuten Donibane auzoan ekimenaren aurkezpena, bertako hainbat guraso eta haurrek.
Iruñeko hainbat familiak bideo batean azaldu bezala, askotarikoak dira abenduaren 11n ateratzeko arrazoiak. Idoiak eta Ionek adibidez, gaztelerazko ereduan matrikulatu behar izan dituzte euren seme-alabak. Euskarazko plazak “oso urriak” direla salatu du Idoiak, Ioni aldiz “ezinezkoa zaio Iruñea osoa zeharkatzea euskarazko zentro batean matrikulatzeko”. Euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatzen dute guraso biek, bai haur eskoletako ikasleentzako baita gainontzeko herritarrentzako ere.
Perutik etorri den Vera Lucíak eta bere familiak ere parte hartuko dute manifestaldian. Vera Lucíak azaldu du Izartegi euskal haur eskolan matrikulatu dutela semea, Txantrea auzoan. “Semea eskolara eramateko hiri guztia zeharkatu behar" dutela salatu du. Hala eta guztiz ere, euskararen aldeko hautua egin dute haientzat “oso garrantzitsua delako jatorriko hizkuntzak errespetatzea”. Verak azaldu duenez, bere herrian kitxua eta aimara hizkuntzak desagertzen ari dira, eta bere seme-alabek hori “ikasi eta valora dezaten” nahi du, “integra daitezen”.
Sortzen elkarteak ere salatu du “ez dela posible hiri guztia zeharkatu behar izatea seme-alabak hemengo jatorriko hizkuntzan murgiltzeko”.
Manifestaldia arratsaldeko 17:30ean aterako da Sarasate pasalekutik “haur eskolak euskaraz Iruñeko auzo guztietan” egon daitezen salatzeko.