argia.eus
INPRIMATU
Iruñeko aurrekontuei “babes kritikoa” emanen die Aranzadik
  • "Montororen murrizketei men" egiten diete kontuek, formazioaren arabera; horregatik, kritiko azaldu da EH Bildurekin eta Geroa Bairekin, "inoiz ez delako momentua Madrili ezetz esateko".

Euskalerria irratia @fm983irratia 2018ko urtarrilaren 15
Aranzadik baiezkoa eman arren, bere jarrera kritikoa azaldu du. Aranzadik baiezkoa eman arren, bere jarrera kritikoa azaldu du.

'Montoro Legea' deritzona beteta, "PP gobernuaren amarruei men egin" zielakoan dago Aranzadi, eta, hala ere Iruñeko aurrekontuen alde bozkatuko dute haren hiru ordezkariek, baina "babes kritikoa" da eskainiko dutena.  "Auketa paregabea galdu" da, Aranzadiren ustetan, bestelako aurrekontuak egiteko. Gainera, gertatutakoaren aurrean "aurkako jarrera publikorik" egon ez delakoan dago taldea eta informazio falta salatu du: "Aldaketa babesten duten iruindarrei ez zaie argitu gertatzen ari den hau guztia eta zergatik izanen ditugun aldaketa gutxiago Iruñean".

Salatu dutenez, "Ogasun Ministerioak Iruñeko inbertsiorako aurtengo aurrekontuetatik, gutxienez 3,5 milioi murriztu ditu, kontuan harturik aurreko urteotan izan diren inbertsio soberakinak eta aurten gauzatuko direnak". Udal Ogasun sailak murrizketak onartu dituela uste du Aranzadik.

3'5 milioi horiekin egin zitekeen guztia zerrendatu dute Aranzadiko ordezkariek: Etxebakoitzen inbertitzera -700.000 euro-; Emakumeen Etxearen proiektua martxan jartzea -900.000 euro-; Amaiur ikastolako eta Vazquez de Mellako sukaldeak berritzea; eta Barañain-Burlata ardatza eta Labriteko bizikleta bidea. 

UPNren politika fiskalak

"Ez dago aberastasunaren banaketa gure herrian". Hori da Aranzadik esan duena aurrekontuen inguruko irakurketa egiteko prentsaurrekoan. Diru sarrerak handitu diren arren, hori "ekonomiaren berreskupenari esker eta eraikuntza eta turismo sektoreak berpiztu" direlako da. Ez, ordea, politika fiskalak aldatu direlako, izan ere, "UPNtik jasotakoak mantentzen dira". Errenta altuenek "dagokiena baino gutxiago" ordaintzen dutela deritzo taldeak. Horregatik, "premiazko aldaketak" galdegin ditu: etxebizitza katastroa eguneratzea; udal diru kutxan politika sozialerako "gehiago" inbertitzea; eta zergak eguneratzea. 

Aldaketa ez dago arriskuan

"Aranzadik Iruñeko udalerako proposatuko lituzkeen aurrekontuak ezberdinak izanen liratekeela onartzen badu ere, aurtengo aurrekontuak aldaketa sostengatzeko oso beharrezkoa den elkarren arteko lan emaitza direla ezin du ukatu: lau sensibilidade politikoen ondorioa dira eta honetan kontsentsua oinarrizkoa da Iruñeak 2015ko maiatzean adierazi eta aukeratu zuen aldaketa bermatzeko".

Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentzia baliatuta