Biktimei ordaindutako diru kantitatea zenbatekoa den zehaztu ez duen arren, Euskalerria Irratiak jaso duenez, 2007tik 2023ra bitartean egindako ordainketak dira, Francisco Pérez Iruñeko artzapezpiku izan den garaia, alegia.
Lehen aldiz onartu du Iruñeko artzapezpikutzak Eliza katolikoaren barnean abusuak pairatu eta justiziaren bidea hartu ez duten zenbait biktimari diruz ordaindu izana. 2007tik 2023ra bitartean burutu ditu “erreparazio” horiek, Francisco Perez artzapezpiku izan den garaian. Denera hamar kasu ezagutu dira tarte horretan: horietatik hiruk jo dute auzitegietara eta beste zazpi kasutan “irtenbidea artzapezpikutzaren biktimentzako bulegoetan” aurkitu zaie. Ordainketa horietan trukatutako diru kantitatea zenbatekoa den ez dute jakinarazi.
Biktimen aitortza
Nafarroako Gobernuko Justizia Zuzendaritza Nagusia dagoeneko hasia da Eliza katolikoaren sexu abusuak salatu dituztenei “biktima izaera aitortu” eta “erreparaziorako bide bat” eskaintzen. Iazko uztailean Nafarroako Legebiltzarrak onartutako foru legetik eratorritako neurria da orain abiarazi dutena. “Gune seguru bat sortu dugu, pertsona horiek beren beharren berri eman, dituzten galderei erantzun, eta kaltea erreparatzeko beharrezkoak diren urratsak identifika ditzaten nahi dugu", azaldu du Nafarroako Gobernuak ohar batean.