Jende ugari hurbildu da herrira emakumezkoari babes emateko asmoz. Agoiz eta Lizoaingo alkateak ere han dira. "Artzapezpikuak ezin du lasai lo egin, nik ezinen nuke", adierazi du Felicia Itoizek, eta negarrari ezin eutsita, eskerrak eman dizkie han bildutakoei: "88 urte beteko ditut abenduan, eta orain hasi naiz fedea galtzen".
Lizoainen bizi da Felicia Itoiz. Azken 36 urteak artzapezpikuarena den etxebizitza batean bizi izan da, hilero zegokion alokairua ordainduta. 87 urte ditu Itoizek eta etxetik bota nahi du artzapezpikuak orain, argudiatutako arrazoien artean, eraikinak dituen itoginak, pitzadurak eta bestelako akatsak aipatuta. Artzapezpikutzak, horretarako, eraikina immatrikulatu eta etxetik botatzeko prozesu judiziala abiatu zuen. Azkenik sarraila aldatzera bidali duten langileak ez du lan hori egin nahi izan, une horretan jakinarazi diote etxe kaleratze baten aurrean zela, eta lan hori egiteko prest ez zegoela jakinarazi du. Bertan behera gelditu da oraingoz desjabetza.
Nafarroako Ondarearen aldeko Plataformak antolatu du gaur goizen hainbat herritarrek egin duten protesta, eta Etxe Kaleratzeen Aurkako Plataformako kideak ere hurbildu dira.
1998 eta 2007 artean, Nafarroako 1.087 ondasun jarri ditu elizak bere izenean, Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformak salatu duenez. Estrasburgoko auzitegiak 600.000 euroko isuna ezarri dio Espainiako Gobernuari, ondasun publikoak elizaren esku geratzea eragotzi ez izanagatik.
Albiste hau Euskalerria Irratiaren webgunean argitaratu dute eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentzia baliatuta.