Iruñeko Arrotxapea auzoan ostegun goizez atxilotutako sei gazteak libre utzi ditu Nafarroako Auzitegi Nagusiko epaileak ostiral goizez, behin-behinean eta kautela neurri barik. Hori bai, desordena publikoak, lesioak eragitea eta poliziari eraso egitea leporatu diete.
Arrotxapeko gaztetxea ixteko aginduaren ondorioz eman ziren istiluak atzo auzoan, polizia protestan ari ziren ehunka gazteri oldartu ondoren. Ostiral goizez gaztetxeko batzarraren izenean auzoan eman duten prentsaurrekoan azaldu dutenez, 50 gazte zauritu zituen Espainiako Poliziak, bat ospitalera bidaliz, eta 150 identifikaziotik gora egin zituen.
Gaztetxearen desalojoa eta poliziaren parte-hartzea salatzeko, batetik, eta gaztetxearen gisako espazioak defendatzeko bestetik, manifestazioa deitu dute hilaren 11rako, datorren larunbaterako: Maiteminduen plazatik aterako da, 18:00etan, Antolatzerik ez espaziorik gabe goiburupean. Gazteek adierazi dutenez, “espazioen benetako defentsa bermatzeko elkartasuna antolatu behar dugu, gero eta maila handiagoan. Desalojoen aurrean antolatzen jarraituko dugu instituzioen logikatik eta kontroletik kanpo”. Egungo gizarte kapitalista ere izan dute hizpide: “Honetan, espazioen erabilerarako legezko irizpidea poltsikoaren tamainak ezartzen du”.
Prentsaurrekoan azaldu dutenez, gaur bost urte bete dira gaztetxea okupatu zenetik. Atzoko desalojoaren ondoren, eraikina eraisten hasi ziren, eta Iruñeko Udalak jakinarazi duenez, etxebizitzak egingo dituztela bertan. Gazteek azpimarratu dute “halako espazioak beharrezkoak direla auzoan eta lehenago edo geroago izango dutela bat”.