Enrique Maya Iruñeko alkatearen aurkako mozioa aurkeztuko dute gaurko osoko bilkuran NaBai, Bildu, PSN, Aralar eta Izquierda-Ezkerra alderdiek, Nafarroako Kutxako (CAN) dieten auziagatik,
"CANen kudeaketaren inguruko gertakariek bultzatuta, Udalbatzak akordio hau onartu du: Iruñeko Udalak gaitzetsi egiten du CANen kudeaketan Enrique Maya alkate jaunak izandako jokabidea. Hala, bidezkotzat jo du bere dimisioa eskatzea", dio mozioak.
Ekimenak aurrera egingo du ziurrenik, oposizioko kideak direlako 27 zinegotzietatik 14. UPNk eta mozioaren aurka agertu den PPk, hortaz, 13 bozka lortuko dituzte.
Enrique Mayak bigarrenez egin beharko dio aurre bere aurkako zentsura mozioari. 2011ko martxoan, Iruñeko alkate izendatu baino lehenago, artean Hirigintza zuzendaria zenean, Kondestable Jauregiko obrengatik gaitzetsi zuen Mayaren jokabidea.
Maya: "Zinegotziek dietak jasotzea legezkoa da"
Iruñeko alkateak adierazi duenez, zinegotzi batzuek dietak jasotzea "legezkoa" da, haien erantzukizun mailaren arabera. Gaineratu du dietak Udaleko talde bakoitzak justifikatzen dituela: "Zinegotzi bakoitza zein bileratara joaten den pertsonalizatu egiten da. Dietak kobratzen dira, esaterako, Hirigintza edota Presidentzia bileretan, osoko bilkuretan parte hartzeagatik eta taldeko bileratara joateagatik".