Kaleratzea “normaltasun osoz” egin dela jakinarazi du Nafarroako Gobernuak ohar baten bidez. Husteko garaian identifikatutakoak epaitegira deitu ditu Nafarroako Auzitegiak.
Uztailaren lehen egunean gazte talde batek “etxebizitza eskubidea defendatzeko” Iruñeko Compañía karrikan okupatutako eraikina hustu du ostegunean Foruzaingoak. 13:00ak aldera azaldu ziren poliziak eta udal langileak, Iruñeko Instrukzioko 3 zenbakiko epaitegiak emandako agindua eskuan. Bi ordu pasatxo iraun zuen kaleratzea “normaltasun osoz eta era baketsuan” egin zela azaldu du Nafarroako Gobernuak.
Foruzaingoa azaldu zenean dozena bat lagun zeuden eraikinean. Haietako batek Noticias de Navarran azaldu duenez, “modu baketsuan irtenez gero gure gauzak jasotzen utziko zigutela eta salaketa kenduko dutela agindu ziguten, baina azken horren bermerik ez dugu”. Ekintzaileen esanetan, “gazteentzako etxebizitzak egingo dituzte, baina 20 lagun kalean geratuko gara”. Hori dela eta, beste eraikin bat okupatuko dutela iragarri dute.
Nasuvinsa enpresak jarritako salaketa baten harira hustu dute eraikina. Eraikinaren jabe den enpresa publikoari arrazoia emanda, “etxebizitza berehala husteko eta bertan zeudenak identifikatzeko” agindu zuen epaileak. Hilaren 8an Nafarroako Auzitegian azaldu beharko dute identifikatutakoek. Kaleratzearen ostean “salaketa bertan behera uzteko” eskatu du Nasuvinsak, baina epailearen esku dago ekintzaileak zigortu ala ez.
Nafarroako Gobernuak eraikin osoa zaharberritzeko asmoa azaldu du: gazteentzako alokairu-etxebizitzak egingo dituztela iragarri dute. Gobernuak zehaztu duenez, 450.000 euro bideratuko ditu horretarako.
Aurrez okupatutako eraikina
Ez da eraikin hau okupatzen duten lehen aldia. Iragan abenduan gazte talde bat sartu zen bertan, Alde Zaharrean gaztetxe bat sortzeko asmoz. Nasuvinsak Astindu Gazte Elkartekoak salatu zituen orduan, eta udalak irtenbide bat bilatu asmoz Caparroso txaleta eskaini zien ekainaren 17an. Eraikina berriz ere hutsik geratzean sartu zen ostegunean kaleratutako taldea.