argia.eus
INPRIMATU
Iruñeko Alde Zaharrean etxe turistikoei lizentzia gehiago ez ematea erabaki du Udalak
  • EH Bildu, PSN, Geroa Bai eta Zurekin taldeek lege egitasmoa adostu dute, Iruñeko Alde Zaharrean etxe turistikoei lizentzia gehiago ez emateko. Akordioak “izaera prebentiboa” duen “hirigintza-aldaketa” du ardatz, hiru helbururen bueltan oinarrituta: auzoko bizi ereduari eustea, merkataritza-sarea defendatzea eta turismo jasangarria bultzatzea.

ARGIA @argia 2024ko irailaren 09a

"Udalak aurre hartu behar dio etxebizitza iraunkorrak ordezkatzen dituzten pisu turistikoen ugaritzeak herritarrak auzotik kanporatzea ekar dezakeen arazoari", azaldu dute alderdiok. Alde Zaharrean 186 etxe turistiko daude gaur egun, auzoko etxeen % 2,8 eta Iruñeko etxe turistikoen %55 baino gehiago (337 daude orotara). Bost urtean 90 ireki dituzte, eta beste 21 eskaera daude eginak.

Etxe turistikoen kopurua “handiegia” dela-eta, “turismo jasangarria” bultzatuko du Iruñeko Udalak, eta gisa horretako etxeek auzoan daukaten “ondorio negatiboa” leuntzen saiatu, hala nola, etxebizitzen prezioen garestitzea, hirigune historikoaren identitatea galtzea eta ohiko eta hurbileko merkataritzak jasaten dituen zailtasunen larriagotzea. "Merkataritza espezializatu eta egokitu egiten da turistei zerbitzuak eskaintzeko, eta, horren ondorioz, prezioak igo eta ordutegiak zabaltzen dira. Ondorioz, eskaintza txikiagoa izaten da biztanleria iraunkorraren beharretarako", azaldu dute udal-taldeek.

Aurreikuspenak betez gero, urtea amaitu baino lehen onartuko da lege-egitasmoa. Aldaketak ez du eraginik izango hotel, pentsio edota aterpetxeen gainean.