argia.eus
INPRIMATU
Iruñeko Alde Zaharra defendatzeko herri plataforma sortu dute
  • Bizitzeko Alde Zaharra plataforma berria abian da Iruñean. Hainbat eragile eta elkarte Iruñeko Maravillas Gaztetxean bildu dira asteazkenean auzoa bizitzen ari den eraldaketari erantzuna emateko asmoz. Auzotarren interesak defendatzea eta herritarren arteko elkarbizitza sustatzea du xede egitasmoak. Unzu etxean eraiki nahi duten ostatuaren proiektuak kezkatzen ditu bereziki auzotarrak.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2018ko urtarrilaren 11

Iragan urrian eginiko jardunaldi batzuen ondorioa da ekimena: auzokideen interesen alde egiteaz gain, Alde Zaharra bizitegi auzoa dela defendatu nahi dute. Auzoa jasaten ari den eraldaketa turistikoa dela medio, azken urteetan eguneroko bizitza oztopatu duten hainbat faktore berri agertu direla adierazi du Javier Hualde Bizitzeko Alde Zaharra plataformako kideak: “Gauean kalean sortzen den zaratak zuzenean eragiten digu eta zer esanik ez auzoaren masifikazioak”.  

Alde Zaharrean datozen hilabeteetan eraiki nahi duten Unzu ostatuaren proiektuak erabat kezkatzen ditu auzokideak: “267 plaza izango dituen ostatua zabalduko dute Unzu etxe historikoan. Ez gaude turismoaren aurka, are gutxiago bisitan etortzen zaizkigunen aurka, baina uste dugu Alde Zaharrean dagoen hotelen eskaintza nahikoa dela”, azaldu du Hualdek Ahotsak eginiko bideo batean. Kezkatuta agertu da, ostatuak auzoan izan ditzakeen ondorio “konponezinak” uste baino larriagoak izango direla esatean. “Izugarrizko proiektua da eta soilik ostatuak izango duen tamaina kontuan hartzen badugu, erabat eraldatu dezake bertakoen bizitza”.