argia.eus
INPRIMATU
Euskarazko bi haur eskola gehiago irekitzea kritikatu du Iruñeko Ahal Duguk
  • Aranzadi udal taldeak euskarazko haur eskolak babestu baditu ere, beste bide bat hartu du Ahal Duguk: euskarazko ereduaren "erabilera alderdikoia" egitea leporatu dio udal gobernuari.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2016ko otsailaren 15
Hautsak harrotu ditu sare sozialetan Ahal Duguren adierazpenak (argazkia: Euskalerria Irratia).

Arrosadian eta Donibanen zabalduko dituzte bi haur eskola berriak, eta begi onez ikusi du Aranzadik -Aranzadi Ahal Duguren sostenguarekin aurkeztu zen udal hauteskundetara-; hala jakinarazi zuen iragan ostegunean Laura Berro zinegotziak. Ahal Duguk, ordea, argi utzi du bere iritzia ez dela udal taldearen berdina.

Prentsa oharra kaleratu du Ahal Duguk hamazazpi haur eskoletatik lau euskaraz izan daitezen hartutako erabakia kritikatzeko. "Gizartearentzako sentibera den edozein neurritan, azalpenen, elkarrizketaren eta herritarrei galdetzearen alde gaude", ziurtatu du Oscar Fresan Iruñeko idazkari ordeak.

Galderak bota ditu airera. Esaterako "gatazka politikoa" haur eskola kopurua handituz ekidin litzatekeela iradoki du. Salaketa bat ere jarri du mahai gainean: "Zergatik ez zaio erantzunik eman euskara eta ingeles eredua nahi dutenei?". Ildo berean, beste duda bat utzi du airean, sare sozialetan hautsak harrotu dituen esaldia: "Zen iritzi dute adituek harreman afektibo, kulturala edo soziala ez dagoen hizkuntza bat umetan txertatzearen inguruan?".

Baliabide ekonomikoen ildotik

Pobreziaren argudioa tenkatu dute soka luzea ekarri duen gaiaren ingurumarian. "Egun ez dago plaza nahikorik, eta jendeak ezin ditu ordaindu: eskola berriak zabaltzearen alde egiten dugu, bai eta tasak murriztearen alde ere, baliabide gutxien dauzkaten familiek ordaindu ahal izateko".

"Gizarte bezala elkarbizitzan aurrera edo atzera egiten dugun jokatzen ari gara. Hizkuntza baten irakaspenetik harago, enfrentamenduan amaituko ez diren bizikidetza politikak egiteko sortzaileak garen dago jokoan". Hitzok egin ditu Iruñeko Ahal Duguk.

Iruñeko Ahal Duguk azaldu du ez dagoela euskarazko haur eskolak irekitzearen aurka eta, beren posizio azalduz, haien webgunean jarritako agiria-ren berri eman diote ARGIAri.

[Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra]