Enrique Maya alkateak jarritako 180.000 euroko Nafarroako banderak jarraitzen du ematen eztabaidarako eta Iruñeko Udaleko taldeek aurrekontuan engainatu nahi izatea leporatu diote ikasturteko lehen osoko bilkuran.
Ekainaren amaieran jarri zuten Nafarroako bandera erraldoia Iruñeko Foruen plazan eta oposizioak bat egin zuen ekimenaren kritikan. Orduan Mayak jakinarazi zuen bandera jartzeak 100.000 euroko kostua izango zuela.
Sinesgaitza zirudien prezioak eta herritarrei ere kosta egiten zitzaien ulertzea nola balio zezakeen 100.000 euro banderak. Mayak azaldu zuen bandera eta inguratzen zuten mekanismoak ez zirela edonolakoak, eta kostua ondo baino hobeto justifikatuta zegoela. 30 metroko masta karbono galbanizatuko altzairuzkoa da, eta barnean motorizatutako driza du bandera igo eta jaisteko. Mastaren oinarrian, halaber, argi proiektoreak ditu bandera ondo argiztatzeko. Eta mastaren goi aldean, abiazioa oharrarazteko argia du eta tximistorratza.
Abuztu bukaeran, ordea, Navarra Sumak jakinarazi zuen banderaren gastua esandakoaren ia bikoitza zela: 180.000 euro. Horregatik, gainerako taldeek egiazko datuak ezkutatu nahi izatea leporatu diote. Dena garden egin dela azaldu du Fernando Alonso Proiektu Estrategikoetarako Navarra Sumako zinegotziak eta gainkostua mastarentzat egindako mikrozimentazio berezitik datorrela. Horretarako azterketa geologikoa ere egin dute.
Eva Aranguren EH Bilduko zinegotziak jakinarazi zuenez, hasiera batean UPNk lanaren espedientea ukatu zien eta prezioa bakarrik ezagutu dute prozesuaren bukaeran, fakturak ikusi dituztenean. PSNko Maite Esporrinen esanetan, Nafarroako bandera jartzearekin ados daude, baina gastatutakoa zarraztalkeria iruditzen zaio, are gehiago bizi diren krisi garaietan. Geroa Baiko Patxi Leuzaren aburuz, Alonsok ez du gaitasunik halako lan bat bideratzeko eta haren dimisioa eskatu du, Diario de Noticias-eko Kepa Garcíaren kronikan irakurri dugunez.