argia.eus
INPRIMATU
Iruñean Sanferminak hasteko prestatzen ari dira
  • Astebete baino gutxiago falta da uztailaren 6rako eta Iruñean ai gunea muntatzen hasi da Gora Iruñea! plataforma. Haurrentzako egitarau propioa eta egunero bertako produktuekin eta produktu ekologikoekin prestatutako janaria eskainiko dute aurten, besteak beste. Horrez gain, arrantzaleek ikurriñak eta nafar banderak kalera ateratzeko deia zabaldu dute.

Judith Perez @judyjudd 2014ko ekainaren 30
Astelehenean hasi dira Gora Iruñea!-ko kideak jai gunea muntatzen (argazkia: Gora Iruñea!)

Ikurriñak eta Nafarroako banderak kalera

Arrantzaleek ikurriña eta nafar bandera kalera ateratzeko deia egin dute, “San ferminetan eskubide osoa baitute kalean egoteko”. Ahotsa.info-ra bidalitako bideo batean deia zabaldu dute uztailaren 6an 10:30ean udaletxearen aurrean banderekin agertzeko.

 

 

Haurren egitaraua

Txikienek ere euren San Ferminetako egitaraua izango dute. Gora Iruñea!-ren jai gunean gaztelu puzgarriak, sokatira, zirkuitoak, jolasak eta beste hainbat ekintza izango dituzte eskura. Egitaraua Gora Iruñea!-ren Facebook orrian kontsultatu daiteke.

Uztailaren 8an, gainera, Txikien Eguna ospatuko dute, eta bertan Irrien lagunak egongo dira, beste hainbat ekintzarekin batera.

 

 

Janari ekologikoa

Lakabe herri okupatuko bizilagunek Gora Iruñea!-ko jai gunearen sukaldearen ardura hartuko dute aurten. Bertako produktuekin eta produktu ekologikoekin prestatuko dute janaria. Eguerdian eguneko menua eskainiko dute, eta gauean pizzak eta ogitartekoak. Gainera, barazkijaleentzako eskaintza ere izango dute.