argia.eus
INPRIMATU
Iruñean etxerik gabe hil den azken pertsonaren auzia salatu du Nafarroako Gizarte Erakundeen Plataformak
  • Gizarte eragileek pobreziaren aurkako "konpromisoak indartzea eta pertsonak lehenestea" eskatu dute asteartean. Aldeldi politikoei eskubide sozialak eta ekonomikoak bermatzeko beharra azpimarratu diete, eta  beren hauteskunde programetan "politika publikoak" jasotzeko eskatu.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko apirilaren 19a
Nafarroako Gizarte Erakundeen Plataformak Iruñeko Geltoki espazioan egindako agerraldia. Argazkia: CERMIN.

Astelehen gauen kalen lo egiten zuen 44 urteko gizonezkoa hilda aurkitu zuten, Iruñeko Arrotxapea auzoko Plazaolako tunelean. Martxoan Jesus eta Maria aterpetxea itxi izanak 50 lagun bultza zituen kalean bizitzera. Gertaeraz hitz egin du asteartean Nafarroako Gizarte Erakundeen Plataformak Iruñeko Geltoki espazioan eginiko agerraldian.

Plataformako ordezkari Mariluz Sanzek esan du jendeak "normaltzat" jo duela gertatutakoa, eta "ez ikusiarena" egin duela: "Gertatutakoak zer pentsatua eman behar liguke. Gogoeta falta da erakunde publikoetan eta gizartean, oro har. Hau normalizatzen duen gizarte batek asko du hobetzeko".

Hurrengo hauteskundeen aurrean, plataformako kideek "politika publikoak" garatzeko eskatu diete alderdi politikoei, beren hauteskunde porgrametan eta hauteskundeen ondorengo akordioetan idatziz jasotzeko. "Pertsona ahulenen egoera hobetzeko eta desoreka sozialak ezabatzeko", eskubide sozialak eta ekonomikoak bermatzea eskatu dute. 

Era berean, gogorarazi dute pobreziaren aurkako konpromisoak "eredu ekonomiko solidarioak indartzea" eskatzen duela, eta eredu horiek ez dutela "etekinen maximizazioa" lehenesten, pertsonak baizik: "Pobreziarik eta bazterkeriarik sortzen lagunduko ez duen eredu ekonomikoa bultzatu behar da, munduko herrialde guztietan aberastasuna banatzen eta gizartean txertatzen lagunduko duena".

Nafarroako Gizarte Erakundeen Plataforma ondorengo eragileek osatzen dute: Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren Aurkako Nafarroako Sarea, Cermin elbarritasunen bat dutenen Nafarroako batzordea, REAS Ekonomia Alternatibo eta Solidarioen Sarea eta Garapenerako GKEen Koordinakundea (CONGDN).

Alderdi politikoei "benetako konpromisoa" hartzeko eskaera

Nafarroan, dagoeneko, Pobreziaren eta Desberdintasunaren aurkako Nafarroako Ituna (2021-2030) ezarri zen ibilbide-orri gisa. Gizarte Erakundeen Plataformak eta parlamentuan ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek sinatu zuten. Hitzarmena 2030 arte egongo litzateke indarrean. 

Espero dute itunean jasotakoa beteko dela eta hurrengo Parlamentuak bere gain hartuko dituela ezarritako konpromisoak. Alderdi politikoek pertsona ahulenekin "benetako konpromisoa" hartzeko eskatu dute.