argia.eus
INPRIMATU
Iruñean eta Bilbon manifestazioak egingo ditu GKSk, “Burgesiaren diktadura gelditu!” lelopean
  • Testuinguru ekonomiko eta politiko honetan "enpresarien eta politikarien fartsatik kanpo" politikoki antolatzeko beharra azaldu du Gazte Koordinadora Sozialistak. Larunbatean Iruñean eta Bilbon egingo dituzten manifestazioetan kalera aterako dute aldarria.

ARGIA @argia 2022ko urtarrilaren 28a
Abenduaren 12ko agerraldia. Argazkia: Gedar.

Joan den urteko abenduaren 12an agerraldia egin zuen Gazte Koordinadora Sozialistak urtarrilaren 29an Iruñean eta Bilbon "Burgesiaren diktadura gelditu! Burgesiaren ofentsiba ekonomikoaren eta politikoa borrokatu!" lelopean manifestazioak egingo zituela iragarriz. "Normalizatzen ari den" pobreziaren gorakadaren eta eskubideen ezabapenaren aurrean, pobretzen ari diren gazteak kalera atera eta "enpresarien eta politikarien fartsatik kanpo" politikoki antolatzeko beharra azaldu zuten bertan.

Batetik, gizarte kapitalista krisian dagoela eta horren ondorioz burgesiak "ofentsiba ekonomikoa" martxan duela uste du GKSk, hain zuzen ere, horren adibidetzat ditu langileak lanpostuetatik botatzea, soldatak murriztea, lan baldintzak okertzea eta bizi baliabideen garestitzea, besteak beste, eta horrek guztiak dakarren pobretzearen gorakada.

Bestetik, "ofentsiba ekonomiko" horri, gainera, "ofentsiba politikoa" gehitzen zaiola azaldu du GKSk: "Gero eta nabarmenagoa da estatuek funtzio errepresiboa betetzen dutela proletalgoarekiko: askatasun faltan eta pobrezian oinarritutako bizi eredura ohitu nahi gaituzte". Testuinguru gero eta errepresiboagoa sortzen ari dela ere salatu du, kriminalizazioa, bazterketa eta poliziaren jazarpena normaltzea horren isla direla uste du GKSk.

Haien ustez, alderdi politikoen bidez ezin zaio errealitate horri aurre egin: "Bankari eta enpresari handiek erabaki ekonomiko nagusiak hartzen dituzte eta miseria ekonomikoa sortzen dute, eta alderdi politiko parlamentario burgesek miseria hori kudeatu baino ez dute egiten". Horregatik guztiagatik, kalera atera eta "proletalgoa batzeko" deia egin du GKSk: "Antolakuntza independente indartsurik eta erantzun zuzen eta jendetsurik gabe ezingo diogu egoera honi aurre egin".

Larunbatean, urtarrilaren 29an, izango dira manifestazioak, Bilbon Jesusen bihotzean eta Iruñean Sarasate pasealekuan abiatuko dira, biak 18:00etan.

 

 

Hona hemen Xabier Letonak ARGIAren 2763. zenbakian Euskal Herriko Mugimendu Sozialistaz egindako erreportajearen amaiera:

2008tik kapitalismoa krisi latzean dagoela uste dute, eta ondorioz, urtez urte langileriaren bizi baldintzak biziki kaltetzen ari direla. Krisi ekonomikoa eta COVID-19ak areagotu duen krisi politikoa ere hor dagoela azpimarratzen dute, eta urte bukaeran bereziki salatu dute COVID pasaportearen ezartzea. Protesta egin eta indar metaketa bultzatzeko, GKSk urtarrilaren 29rako manifestazioak deitu ditu Bilbon eta Iruñean Burgesiaren diktadura gelditu! goiburupean. Krisi kapitalistaz eta alderdiez Gramscik egiten zuen hausnarketaren bueltan –bi alderdi daudela, burgesiarena eta proletariotzarena– ezaugarritu dituzte mobilizazioak. Hala dio iragan abenduaren 13ko Gedar-eko editorialak: “Hitzez langileriaren interesak defendatzen dituzten baina, izan, Burgesiaren Alderdiaren parte diren horiei guztiei bizkarra emateko unea da GKSren arabera”.

Orain arte egin duten agerraldi jendetsuena izan da iragan urriaren 8tik 12ra GKSk eta IAk bultzatuta egin zen Gazte Topagune Sozialista, 1.500 pertsonatik gora bilduz. Orain arte mugimendu honek dakarren berrikuntza nagusia ez da kuantitatiboa, baina datorren 29a garrantzitsua izango da haientzat,  eta ezkerreko beste begi batzuek ere arretaz jarraituko dute zenbat biltzen diren eta hurrengo urratsak zein diren.