argia.eus
INPRIMATU
Iruñean espetxeratutako hiru errenteriarren askatasuna eskatu dute
  • Larunbatean Iruñean atxilotutako lau gazteen askatasuna eskatu eta elkartasuna adierazteko elkarretaratzeak egin dituzte Errenterian eta Gasteizko EHUren campusean. Horietako hiru —laugarrena adin txikikoa da— espetxera bidali ditu epaileak fidantza gabe, desordena publikoak eta terrorismoa egotzita. Auzia Espainiako Auzitegi Nazionalera bidaltzea erabaki du.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko martxoaren 14a

Epailearen arabera, “gertakariak oso larriak” dira. Gazteak espetxera bidali ditu fidantzarik gabe “justiziaren jarduna eta ezarri litezkeen zigorrak ekiditeko aukera handiak” daudela uste duelako, eta “gertakarien dinamika ikusita, taldean, antolatuta eta planifikatuta, delituak berriro egiteko aukera” ikusten duelako.

Errenterian 400 pertsona inguru bildu dira. Gasteizen ere atxilotuak askatzeko eskatu dute ikasle ugarik. Elkarretaratzeak iraun bitartean Ertzaintzaren hainbat furgoi agertu eta bildutakoak identifikatzen saiatu dira.

Errepresioari Autodefentsa dinamikak ostiralean Euskal Herriko hiri eta herri guzietan mobilizazioak antolatzeko deia zabaldu du.

Espainiako Estatuan elkartasun adierazteko eta atxilotuen askatasuna eskatzeko hainbat elkarretaratzetara deitu dute. Astelehenean Bartzelonan egin zuten, eta asteartean Madril, Tarragona, Castelló, Valentzia eta Mallorcan.

Ernai gazte antolakundeak adierazi du ez duela Errepresioari Autodefentsa dinamikaren analisiarekin bat egiten, baina “ezinbestekotzat” jo du “tamaina honetako basakeria errepresiboak salatzea”. Sortuk ere Ernairen analisiarekin bat egin du, eta azpimarratu du ez dagoela “justifikaziorik Lege Antiterrorista ezartzeko eta atxilotuak Audientzia Nazionalera bidaltzeko”.

Larunbateko gertakariak

Larunbatean Errepresioari Autodefentsa dinamikak manifestazioa egin zuen Iruñean, eta amaitu aurretik istiluak izan ziren Poliziarekin. Gobernu Ordezkaritzak argudiatu du ez zegoela manifestazioa egiteko baimenik. Istiluak bi ordu inguru iraun zuten Alde Zaharrean.

Manifestazioak “azken hilabeteetan herri mugimenduaren kontra ezarritako errepresioa salatu eta autodefentsa mekanismoak sortzea” zuen helburu. Errepresioari Autodefentsa dinamikarekin hainbat mugimenduk egin zuten bat, horien artean Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren kontrako mugimenduak, baina manifestazioa ez zuen azken horrek antolatu, hedabideek hala zabaldu badute ere.