argia.eus
INPRIMATU
Erorien Monumentua eraistearen aldeko plataformak EH Bilduren, PSNren eta Gero Bairen jarrera salatu du
  • Plataformak ostegunerako Iruñeko udaletxe plazan elkarretaratzea deitu du 18:30erako, hiru alderdiek eraikinarekin izandako jarrera salatu eta eraistearen aldeko hautuan berresteko.

Unai Lomana Uribezubia 2025eko otsailaren 04a
Urtarrilak 18ko manifestazioaren argazkia Ahotsa.info

Ostegunean Iruñeko alderdi politikoak osoko bilkuran Erorien Monumentuaren inguruan eztabaidatzen egongo diren bitartean, paralelikoki plataformak udaletxe aurrean elkarretaratzeko deia zabaldu du, 18:30ean. Elkarretaratzea EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik azaroaren 20an plazaratutako akordioaren aurkakoek antolatu dute. Akordioan, besteak beste, monumentu frankista eraldatzea erabaki zuten, hura eraitsi beharrean, espazioari irtenbidea emateko helburuarekin. Horren aurrean, plataformak argi eta garbi utzi du urtarrilaren 18ko manifestazioan egindako eskakizunak ez direla kontuan izan, "eraispenaren aukera aipatzea distrakzio hutsa izan dela" adierazi baitute.

Alderdiek azaroaren 20an egindako akordioak, bestalde, eraikinaren eraldaketarako bidea finkatu zuen, hala nola aditu talde bat sortuz, proiektu lehiaketa bat eginez, eta, jardunbide osoan zehar, herritarren parte hartzea bermatuz, besteak beste, prozesu parte-hartzaile baten bidez. Plataforma ez da eztabaidatik salbu geratu afera honetan. Haien iritziz lehiaketa lekuz kanpo dago, 2015-2019 urteko legengintzaldian udalbatzak nazioarteko lehiaketa burutu baitzuen, inolako ondoriorik gabe, lehiaketa berri batek 2015-2019 legegintzaldian erabilitako diru publikoaren xahupena ekarriko lukeela deritzote.

Eraikinaren azpiegiturari dagokionez, plataformak Hego Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoaren laguntzaz ateratako komunikatuan eraikinaren "balio arkitektonikoa eskasa" dela adierazi zuten eta eraikina eraldatzeko aukera zalantzan jarri. Gainera, prozesu parte-hartzailearekiko mesfidantza ere adierazi dute, haien aburuz prozesu parte-hartzailea abiarazteko memoria elkarteekin biltzea ezinbestekoa delako. 

Gauzak horrela plataformak azken hordagoa jo du, eskuinak sor dezakeen arerioaren aurrean herriarekin lerra daitezela eskatuz: eskuina orain "isil eta oso kontent" dagoela, baina aurrerantzean "atzera egitea erraza izango dutela, eta, aukera izanez gero, interpretazio zentro horrek ordu laurden iraungo duela"diote.