Protesta babestu dute 78ko Sanferminak Gogoan eta Martxoak 3 elkarteek. CeAQUAk dio kargudun ohiek Martín Villaren babesean idatzitako agiria “epaiketaren aurkako presio politikoa” eragiteko mekanismoa dela.
Rodolfo Martín Villak María Servini epaile argentinarraren aurrean gizateriaren aurkako krimenengatik telematikoki deklaratu bitartean, Euskal Herrian mobilizazioa antolatu dute memoria historikoaren aldeko erakundeek.
78ko Sanferminak Gogoan eta Martxoak 3 elkarteak buru, Iruñeko epaitegien aurrean kontzentrazioa deitu dute ostegun honetan, 12:00etan. “Inpunitateari stop” aldarrikatuko dute ikertu gabeko krimen frankisten aurrean. Euskal Herritik kanpo ere elkarretaratzeak egingo dira, hala nola, Madril eta Asturiasen.
CeAQUA kereila argentinarraren babeserako Espainiako Estatuko koordinakundeak adierazi du Espainiako gobernukide eta buruzagi sindikal ohiek Martín Villari babesa adierazteko argitaratutako agiria epaiketa baldintzatzeko saiakera bat dela. “Onartezintzat” jo dute Servini epailearen aurkako “presio politikoa” eragiteko saiakera. “Oso injerentzia larria” dela diote, eta Espainiako hainbat indarrek azken urteotan prozesua oztopatzeko izandako jarreraren testuinguru orokorrean kokatzen dute. Dena dela, zehaztu dutenez, adierazpenok ez dituzte ikerketak aztertzen dituen gertakariak desagerrarazten.