Abenduaren 20an eman zuen jakitera Olentzeroren Lagunak elkarteak 2021ean ere ez zela Olentzero Iruñeko kalez kale ibiliko, pandemiaren egoerak horretara bultzatuta. Urtarrilaren 4an, aldiz, Iruñeko Errege Magoen Kabalkadaren Elkarteak adierazi du aurten kaleetara itzuliko direla, aforoa murriztuta. Pandemiaren datuek ez dute onerako aldaketarik erakutsi bi ekitaldi hauen arteko egunetan.
Olentzeroren Lagunak elkarteko lehendakari Xabier Martinezek, azalpen hauek eman zituen Olentzeroa bertan behera utziko zutela-eta: "Barnean eztabaida handiak izan ditugu. Batzuek bertan behera uztearen alde daude, besteak kontra. Batzuek beldur handiagoa dute, beste batzuek ez hainbeste". Gabonetako ospakizunak antolatzen dituzten eragileen artean izan diren zalantzen isla ematen du.
Iruñeko Errege Magoen Kabalkadaren Elkarteko lehendakari Mamen Sádabak adierazi du erregeak ganbelutan iritsiko direla eta betiko ibilbidea egingo dutela. COVIDa dela-eta iragarri dituen neurriak hauek dira: uneoro maskara jantzita eramatea, distantzia gordetzea, partaideak 1.200dik 400era murriztea, eta kabalkadan jasotako goxokiak gero jateko jasotzea.
Espainiako Gobernuaren grafika honetan ikusten da Nafarroan positiboen kopuruen bilakaera goranzkoa izan dela azken egunetan, eta abenduaren 23an baino gorago dagoela egun ere.
Nafarroako Gobernuak igo gabe du iazko urteko azken asteko txosten epidemiologikoa (hemen kontsultatu daitezke astez asteko guztiak), beraz, zaila da Olentzeroa bertan behera geratu zen asteko (abenduaren 20tik 26koa) eta Errege bezperak arteko egunen arteko konparaketa egitea (abenduaren 27tik urtarrilaren 2 artekoa).
Baina egoera ez da hobetu. Egun bakarrak ikuspegi murritza ematen duenaren jakitun, baina datu zabalagoen faltan, hona abenduaren 22ko eta urtarrilaren 3ko datuak, biak ere Gabonetako pertsonaien kale-bueltak baino bi egun lehenagokoak:
- Urtarrilaren 3an, hilakoak 3 dira. Abenduaren 22an, hildakoak 2 izan ziren.
- Urtarrilaren 3an, guztira 2.491 test egin dituzte eta hauetatik COVID positibo kasu berriak 1.809 izan dira. Abenduaren 22an askoz test gehiago egin zituzten, 3.961 eta hala ere hauetatik COVID positibo kasu berriak 1.611 izan ziren.
- Urtarrilaren 3an, ZIUetan 2 pertsona sartu zituzten. Abenduaren 22an bat.