Martxoaren 11ko istiluak zirela-eta Iruñean atxilotutako gazte errenteriarren gurasoek iragarri dute helegitea ipiniko dutela Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Carmen Lamelak kasua bere gain hartzeko erabakiaren aurka. Auzia azkenik Nafarroako Auzitegian epaitzeko itxaropena agertu dute.
Patxi Petrirenak, atxilotuetako baten aitak, jakinarazi du erabakia Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean. Petrirenak esan du ez dela harritu Lamela epaileak auzia hartu izanaz, gurasoak “horren beldur” baitziren hasieratik.
Iruñean gertatutakoarekin ados egon ez arren, gazteei leporatzen zaiena neurriz kanpokoa dela berretsi du Petrirenak. Hasiera batean poliziak desordena publikoa egotzi zien atxilotutakoei, baina orain terrorismoagatik epai ditzake Auzitegi Nazionalak.