Iruñeko Katakrak liburudendan, asanblada irekia deitu dute ostegunean 18:00etan ekainaren 2an egin nahi duten Alternatiben Herria antolatzen hasteko.
Hemen publikatu duten manifestua osorik:
Bizitza burujabea eskubide osoz
2013. urtean Parisko COP21 klimaren inguruko goi-bileraren harira 10, 100 edo 1.000 Alternatiben Herri eraikitzeko deialdia luzatu zen. Baionakoa izan zen horietako bat, eta Bilbokoak txanda hartu zion bi urte beranduago, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren eskutik. Egun batez erakusketek, hitzaldiek, tailerrek, eta batzarrek Kapitalismoari eredu alternatiboa eraikitzea posiblea eta desiragarria dela erakutsi zuten, martxan dauden hainbat eta hainbat proiektu eta borroka ezagutuz.
Gure bizitza eta natura arriskuan daudela ohartarazi genuen: desberdintasunak gero eta handiagoak dira, kapitalak aberastasuna bereganatzen du, aldaketa klimatikoa, eskubide sozialen galera, bazterkeria soziala gero eta larriagoa, baliabide naturalen xahutzea, pribatizazioak, patriarkatuaren indartzea, antolatzea eta erabakitzea eragoztea, produkzio eta kontsumo eredu jasanezinak…
Urte batzuk pasa dira, eta Neoliberalismoaren propagandak “errekuperazioa” du hizpide, herrien eta biosferaren egoera gero eta okerragoa denean, eta prekarietatea gero eta gehiago zabaltzen ari denean. Errefuxatuen aurkako Apartheidak argi erakusten du sistemaren perbertsioa: pertsonen eskubideak jaiotzen diren tokiaren araberakoak dira, edo dauzkaten ondasunen araberakoak. Europara beste kontinenteetako errekurtsoak ekartzen diren bitartean, pertsonei mugak ezartzen zaizkie. Aberastasun handienak gero eta handiagoak dira. Desertifikazioa, aldaketa klimatikoa eta baliabideen agortzea gero eta larriagoak dira Kapitalismo bortitz honetan.
Hala eta guztiz ere, urte hauetan zehar alternatibak zabaldu eta sendotu dira. Hamaika kontsumo talde eta ekonomia aldatzeko proiektu daude martxan. Milaka pertsonek parte hartzen dute borroka sozialean, sindikalean, ekologistan, LGTBIQ+, denok izan dezagun bizitza duina.
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren deialdiaren harira, manifestu honen sinatzaileok eragile eta pertsona guztiak deitzen ditugu Iruñeko Alternatiben Herrian parte hartzea. 2018ko ekainaren 2an izango da. Aldarrikapen eta festa eguna izango da, proposamen ugariren erakuslea, handiak nahiz txikiak, egunerokoan betetzen gaituztenak. Ekimena bera bezain garrantzitsua da antolatzeko modua. Auzolanean egitea proposatzen dugu, parte hartu, eztabaidatu eta elkarrekin eragin nahi duten eragile eta pertsona guztien artean.
Alternatibak badaudela eta martxan daudela erakutsi nahi dugu, sistema dela aldatu beharrekoa. Horregatik beste gizarte eredu bat aldarrikatzen dugu, erdian pertsonak jarriz. Ongi bizitzeko, pertsonen eta herrien beharrak asetzeko, geure burua zaintzeko eta Lurra zaintzeko, dominazio eta injustiziarekin bukatzeko.
Ekimen honen helburu nagusiak hauek dira: