3.000 pertsonatik gora batu dira azaroaren 8an Iruñean, Segiko kide izatea egotzita epaitzen ari diren 28 gazteei babesa adierazi, epaiketa politikoen kontra egin eta eskubide zibil eta politikoak aldarrikatzeko.
Zapi, ileorde, globo zein txapel laranjek bete dituzte Antoniuttitik Merindades plazaraino doazen kaleak. Ohiko pankartaren ordez, manifestazioaren buruan bi gazte ilara joan dira 28akereLIBRE eta STOPjuiciospolíticos leloa zeramaten kamisetak jantzita. Jai giroan egin dute protesta.
Martxaren amaieran, herri harresia egin dute epaituak erdian direla. Ondoren, Hesian taldeko bi kidek Milaka gara kantua jo dute. Ahotsa.infok egindako bideoan irudiak ikusgai:
Besterik ezean, desobedientzia
Eneko Villegas, gazte auzipetuak esan du epaiketak “gogorrak” izaten ari direla.
Maider Caminos, Iruñerria Herri Harresiako kidearen hitzetan, Iruñeko eta eskualdeko bederatzi gaztek egin beharko diote aurre sei urteko kartzela zigorrari “lan politikoengatik”.
Horregatik uste du, “garrantzitsua” dela kartzelaratzeak geratzeko herri harresi “sendo” bat sortzea. Haren ustez, Espainiako Auzitegi Nazionalak eta PPk jendea “jardun politikoagatik” atxilotu eta kartzelaratu nahi du. “Desobedientzia erabiltzeko prest gaude, nahiz eta, gure helburua puntu horretara ez iristea den”, esan du.