argia.eus
INPRIMATU
“Iruñea izango da matxismoaren hilobia”
  • Eguerdian Iruñean asko ikusi dugula pentsatzen genuen, baina gaueko manifestazioak aurreikuspen guztiak gainditu ditu, antza Euskal Herri osoan gertatu den moduan. Analisiei begira, izango da denborarik gaurko enborretik ezpal ugari ateratzeko, orain kontatzekoa da. 20:00ak aldera hasi da manifestazioa Gaztelu Plazatik, jendetza zela eta kosta egin zaio Karlos III.a kalearen hasiera hartzea, baina “zanpantzar feminista” taldea lanean hasi denean, bapo ireki dute bidea.

Xabier Letona Biteri @xletona 2018ko martxoaren 09a
Iruñeko manifestazioaren amaierako une bat. (Arg.: X. Letona) Iruñeko manifestazioaren amaierako une bat. (Arg.: X. Letona)

Jendetza itzela zegoen plazan, zain, era guztietako jendea, eta analistek izango dute lanik gaurko eztanda azaldu eta gizarteratzeko. Bai, gaurkorako protesta arrazoiak sendoak baino sendoagoak dira; antolaketa ere aspalditik dator eta gainera landua baino landuago; mundu osoan… Behar larriak eta antolaketak bat egin dute, eta mugimendu feministak ondo baino hobeto asmatu du tekla egokia  jotzen, Euskal Herrian inoiz lortutako mobilizazio feminista handiena bideratuz.

Merindadeen plazara iristean nekazarien traktoreak hartu du manifestazio burua, jarraitu du Nafarroa Behera kalean eta San Inazio kaletik jaitsi da Gazteluko Plazarantz. Zuzenean sartu baino,  ordea, Lizarra kaletik egin du Parlamentu aldera eta Sarasate pasealekuan barrena abiatu da Gazteluko Plazara. “Aurreratuko naiz”, esan diot ene buruari, oraindik azken manifestariak Gazteluko Plazan ateratzeke egongo zirela pentsatuz. Azkenak? Milaka ziren oraindik atera gabe eta horietako asko bertan geratu dira jada.

Manifestazio burua hainbat arrazetako emakumek osatzen zuten eta amaierako hitzaldian ere Nafarroako Mugimendu Feministak argi utzi nahi izan du, feminismoak ezinbestean salatu behar duela emakume migratzaileen egoera larria. Maliko emakume talde batek ere hitz egin du amaieran: “Awuniwla” egin diote agur plazari, “arratsaldeon” haien hizkuntzan. Emakume afrikarraren egoera gogorra azpimarratu dute, baina “batuta askoz indartsuagoak” direla ere argi utzi dute.  

Etxeko lanetan ari diren emakumeak, nekazariak, espetxe mundukoak –Xabier Rey preso zendu berria izan du gogoan une batean hizlarietako batek–, afrikarrak, ikasleak eta beste hainbat pasa dira kioskotik, beren hitzaldi laburrekin emakumeen mundu ugariak plazara ekarriz.

Mugimendu feministako ordezkariek gogorarazi dute asko kostatu dela “hona iristea”, munduan iaz hasi zirela grebarekin eta Euskal Herrian lehenbiziz egin dela. “Aurrekari gabeko mobilizazio ahalmena erakutsi dugu, baina hau inflexio puntua besterik ez da”. Hainbat lekutan entzuten ari da jada hurrengoan beste jauzi kualitatibo bat eman litekeela. “Askotan erakutsi dugu badugula indarrean dagoen ordenarekin apurtzeko gaitasuna (…) eta badugu hazten jarraitzeko gaitasuna ere”. Zeinuen hizkuntzako adituak ere jo eta su jarraitzen zuen kioskotik hitzaldi guztiak itzultzen. Beste hainbat kontutan moduan, horretan ere desberdin gaurkoa.

Performanceak etengabekoak izan dira manifestazioan zehar eta azkena iritzi da ia ekitaldiaren amaieran: San Nikolas aldera ematen duen kalekantoiko eraikinean pankarta erraldoi bat zintzilikatu dute, emakumeek planto egiten dutela gororaraziz eta “kateak apurtzera” deituz.  

Eta eman dute gaurko azken urratsa, “zutik emakumea, hautsi zure kateak…”; abestia itzaltzearekin bat besarkadak eta oihuak dira nagusi kiosko gainean eta plazan. Egunean zehar nagusi izan den milaka emakumeren oihuak eman dio amaiera borroka egunari: “Gora borroka feminista!”. Lezioa ez da makala izan. "Iruñea izango da matxismoaren hilobia" oihukatu dute manifestazio buruan behin eta berriz. Bide honetatik akaso bai.