Espainiako Gobernuak ofizialki 2024an erabakiko du Nafarroako AHT zatia eta Euskal Y-a nondik lotuko dituen, Gasteiztik edo Ezkiotik, baina badirudi, hamaika aldiz adierazi duten bezala, Arabako hiriburua lehenetsiko dela lotune gisa.
Hainbatetan adierazi du Espainiako Gobernuak Gasteizko aukera egokiago ikusten duela –bai PSOErekin, bai PPrekin–, baina oraindik ez dute behin-betiko erabakirik hartu. Orain, aldiz, Gasteizko Udala etorkizuneko hirigintza plana ari da egiten eta, ostiral honetan El Diario Vasco-k argitaratu duenez, Adifi galdetu dio ea zer egin behar duen lotura horrekin, eta hark erantzun dio hiria berregituratzeko planetan kontuan har dezala Sakanatik etorriko litzatekeen Nafarroako AHT. Espainiako Gobernuaren menpeko elkartea da Adif eta estatuko trenbideak eraikitzea arduratzen da.
PSOEk eta PPk oso argi dute Gasteiztik nahi dutela, baina Euskal Herriko hainbat indar politiko Ezkioren aldekoak dira, hala nola, EAJ, UPN eta Geroa Bai. PSNren jarrera keinukariaren gisakoa da –orain Gasteiz orain Ezkio–, baina azken urteetan ontzat eman du Gasteizko lotunea. EAJk ere presio egiten du Ezkioren alde, baina Arabako jeltzaleek behin baino gehiagotan adierazi dute nahiago dutela Gasteizko aukera.
Zundaketak 2024a arte
Hala ere, Nafarroako Gobernuak eskatuta, Espainiako Gobernuak zundaketa lan berriak agindu ditu Sakanan eta Aralarren, eta lan horiek datorren urteko ekainerako amaituko dira. Lanon emaitzekin jakinaraziko du Espainiako Gobernuak Euskal Y-arekiko lotunea nondik egingo den.
Funtsean, oinarrian, diru eta segurtasun kontuak daude: Gasteiztik egiteak 700 milioiko inbertsioa eskatuko luke eta Ezkiotik 2.000 milioi euro, 1.300 gehiago. Datu horiek duela bost urtekoak dira eta pentsatzekoa da eguneraketarekin dezente garestiagoa izango dela.
Gasteizko bideak ez du misterio handirik, gutxi gora-behera gaur egungo Iruñea-Gasteiz trenbidearen paraleloan joango bailitzateke. Sakanan ingurumen eragin handia izango luke, bailarak bide zaharra, autobidea, egungo trenbidea eta AHTko bide berria jaso beharko lukeelako, baina teknikoki askoz errazagoa litzateke; besteak beste, 75 kilometrotik bost bakarrik lirateke lur azpikoak.
Ezkiokoa bide laburragoa litzateke, 55 kilometro, baina horietatik 22 Aralar azpiko tunelekoak lirateke, horrek dakarren konplexutasun handiarekin. Askoz zailagoa da egiteko eta askoz zailagoa aurreikustea zer arazo sortuko den etorkizunean.
Denboraren ikuspegitik, aldiz, laburragoa litzateke, eta nagusiki horregatik hobesten dute Ezkioren aldekoek. Batetik, Gasteiztik tren lasterra ordubete eta hiru minutuan helduko litzateke Bilbotik Iruñera, eta Ezkiotik 40 minutuan. Bestetik, AHTren aldekoek beti argudiatu dute azpiegitura ezinbestekoa dela Nafarroa Europarekin lotzeko, hil ala bizikoa, baina hori ez dago horren argi Iruñetik Irunera joateko Gasteiztik pasatu behar bada. Kasu horretan logikoa da pentsatzea herritarrak jarraituko duela erabiltzen 121-A errepidea, Irunera merkeago eta azkarrago helduko litzatekeelako.