argia.eus
INPRIMATU
Iruñea: etxegabetzea konfinamendu garaian
  • Iruñeko Udalak Kale Nagusian okupatutako eraikin batean bizi ziren hamalau pertsona kaleratu ditu. Egun oso bat igaro da hutsaraztea hasi zenetik eta Iruñeko Udaltzaingoak jada hamalau lagunak kaleratu ditu. Udalak kontratatutako langileak Kale Nagusiko 14. ataria barnetik adreiluz estaltzen hasi dira.

Mikel Urabaien Otamendi @mikel_ura El Salto-Hordago @HORDAGO_ElSalto 2020ko apirilaren 18a

Kanpoaldean, solairu batetik ateratako maleta, motxila, poltsa eta bestelako trasteek logela baten tamainako karratu bat osatzen dute. Haien alboan, kaleraturiko hiru lagun: María del Mar Mejías Flores, Javier Carrecero eta Lourdes Fernández. “Cariño, jar ezazu ‘La China’, horrela deitzen didate-eta”, eskatzen dit azken honek.

Edukazio fin horrekin hurbildutako kazetariei etxegabetzea azaltzen ari denean, geroz eta gehiago berotu eta urduritzen da. Orduan, atzean dituen polizia furgoietarantz bira eginda, amorru biziz oihuka hasten zaie: “Zeinen erraza den eroso bizi zaretenentzat gu kaleratzea!”, dio batzuetan; “ea egunen batean ni bezala geratzen zareten... ea orduan zer egiten duzuen!”, bestetan; eta irainen bat gehitzen du ia beti.

Gero, berriz buelta eman eta, kideek lagunduta, azalpenekin jarraitzen du: “Duela astebete udaltzainak etorri ziren, koronabirusaren harira osasun-inspekzio bat egin behar zutela esanez. Baina oso gaizki tratatu gintuzten eta argi ikusi genuen etxe barruan argazkiak ateratzeko aitzakia bat baino ez zela izan. Hurrengoan gu botatzera etorri ziren eta orain kale gorrian gaude. Konfinamendua hasi zenean sartu ginela diote, baina ez da egia; otsailaren 22an izan zen, edifizioak urteak zeramatzalako abandonaturik. Usoen kakaz beterik zegoen dena, erabat zaharkitua, eta nazka handia ematen zuen. Guk garbitu eta konpondu egin genuen, eta zertarako? Nahiago dute etxebizitza hondakina izatea, guretzako bizilekua baino”.

Atariko espaloian eserita, Javier Carrecero dago, 26 urteko gizona. Dexente gazteagoa izan arren, bere azken bizipena Lourdesena bezalakoa da. Mutilak, baina, baxu hitz egiten du; haserre baino gehiago, etsita dagoela dirudi. Duela urte erdi bere bizitza guztiz ezberdina zela gogoratzen du: “Eroso bizi nintzen txakurrarekin nire etxean, baina enpresak ez zidan kontratua luzatu eta egun batetik bestera kalean nengoen”. “Edonori gerta dakioke”, adierazten du.

 Geroztik bizi izan duena kontatzean, gazteak ez die okupa mugimenduaren aldarriei aipurik egiten; bere buruaz errukitzen da, ordea: “Zer egingo dut orain?”, galdetzen du, burumakur, atea estaltzen ari diren bitartean. Ezin du etorkizunaren inguruko ziurgabetasuna burutik kendu eta honelako hausnarketak egiten ditu etengabe: “Nik ez dut uste ia inork nahita lapurtzen duenik, baina orain uler dezaket nola irits zaitezkeen horrelako gauzak egitera irtenbiderik ez baldin badaukazu. Beharrarengatik sartu nintzen etxe honetan ilegalki, eta orain zer egin beharko dut bizirauteko? Nik ez dut inoiz lapurretarik egin eta ez dut lapurra izan nahi… Hala ere, ezin naiz aterpetxera joan”, errepikatzen du, María del Marrek eta La Chinak bere hitzak baiesten dutelarik.

Aterpetxeari uko egiteari buruz galdetuta, hauxe dio Javierrek: “Etxerik gabe geratu nintzenean, hasieran hara joan nintzen eta ez dut sekula itzuli nahi. Alde batetik, ez nuen gustuko dirulaguntzen mende egotea, eta abandonaturiko etxeetan okupa bilakatu nintzen, lana aurkituko nuen esperoan. Bestetik, aterpetxera kalean bizi den jende guztia doa, eta badakizu… behartsuen artean drogak eta bestelako arazoak oso arruntak dira. Gainera, orain jende gehiegi egongo da han eta kalean baino errazago kutsa zaitezkeela iruditzen zait. Niretzako ez da batere segurua eta atsegina hango giroa”. “Horregatik, kalean egotea nahiago dugu”, berresten dute hiru kideek.

María del Mar Mejías Flores madrildarrak badaki zer den etxegabe izatea. Hiru seme-alaba ditu eta bikotekide ohia nafartarra denez, haren herrira, Tirapura, joan zen bizitzera. Harengandik tratu txarrak jasan eta gero, etxetik alde egin zuen garai hartan 20 urte zituen semearekin batera, eta Iruñeko aterpetxera joan ziren. “Azkenean, bikotekide ohia salatu, genero-indarkeriaren biktima izateagatik errenta kobratzen hasi eta pisu bat alokatu nuen”. Dena den, jasotako diruak ez zion denbora luzez balio izan. Semea Madrilgo aterpetxe publiko batean dago orain, eta berak Iruñeko Kale Nagusian okupatutako etxean bukatu zuen. “Duela gutxira arte ez naiz inoiz okupa izan”.

Bizilagunen ikuspegia

Aurkeztutako hiru pertsona horiez gain, beste dozena bat kide zegoen Iruñeko Udalak utzarazi duen eraikinean bizitzen. Guztira zeuden hamalau lagunetatik, batzuk Jarauta kaleko 13. eta 66. zenbakietan bizi izan ziren iaz, eta hainbat arazo larri izan zituzten auzokideekin. Horren ondorioz, Alde Zaharreko Gazte Mugimendua eta hamarnaka bizilagun atari haien aurrean kontzentratu ziren, eta, liskarren biktima izan zirenekiko elkartasuna erakutsiz, okupak alde egitera behartu nahi izan zituzten.

Hala eta guztiz ere, inguruko kaleetan bizi diren pertsona ugarik esan bezala, Kale Nagusian zeuden guztiek ez dute problemarik sortu eta han askotariko jendea zegoela zirudien. Gainera, hainbat auzokide bat datoz “orain ez dela epaitzeko momentua” esatean. Bizilagun batek dioen moduan, “erabateko zentzugabekeria da konfinamendu garaian pertsonak edozein modutan kaleratzea”.