argia.eus
INPRIMATU
Iruñea: Borrokaren oihu ozena
  • Goizean goiz hasi dira borroka feminista aldarrikatzeko mobilizazioak Nafarroan. “Aurrean izanen gaituzue”, ohartarazi dute. Eta halaxe izan da. Antolatu indarrak, batu borroka feministara lelopean egin dira mobilizazio jendetsuak. Mezu zuzen eta argia aukeratu du mugimendu feministak aurten eta, erradikaltasuna erakutsiz, borroka eguna izan da martxoak 8, ororen gainetik.

Kattalin Barber 2020ko martxoaren 09a
Argazkia: Kattalin Barber.

Azken bi urteetako mobilizazioen ondoren, grebarik gabe zer gertatuko geunden, eta kaleak bete dira. Indarrez hartu ditu berriro ere kaleak mugimendu feministak Nafarroako hiriburuan. Antolakuntzaren beharra azpimarratzeko izan da gaur borroka eguna, eta borrokarako premia hori agerian gelditu da.

Goiz zein arratsaldez ekitaldiak izan dira Iruñean; manifestazioa izan da jendetsuena. Ozen plazaratu ditu mugimendu feministak bere aldarriak: antolatzea beharrezkoa dela, eta dei egin dute borroka feministara batzera. Mobilizazioez gain, mugimendu feminista egunero eraikitzen delako auzoz auzo eta herriz herri.

Aurreko bi urteetako greba feministek aztarna utzi dute eta sare deszentralizatua eratu da txokoz txoko Nafarroan. Hain zuzen ere, mobilizazio nagusiak Iruñean izan arren, goizean, batez ere, Pirinioetatik Erriberaraino mugitu dira milaka emakume eta espazio publikoa okupatu dute. Gainera, martxoaren 8ra soilik mugatu beharrean, feministek asteburu osora luzatu dituzte mobilizazioak.

Masiboa bezain bizia agertu da mugimendu feminista. Elkarrekin dantza egin, besarkatu, oihukatu, borrokatu, zaindu, babestu... Borroka eguna festa giroan iragan da Iruñean eta aniztasuna loratu da ekitaldietan. Andre gazte zein heldu, bertakoak zein beste herrialde batzuetatik iritsitako emakumeak, kaletarrak zein landa eremukoak... batu dira han eta hemen. Beste behin ere eta iragarri bezala, indartsu atera dira kalera borroka egitera. Dei egin dute, egunerokoan, bere errealitatetik eta saretik, antolatzeko. Su txikian salda berotzen jarraitzeko.

Mugimendu feministaren izenean hitza hartu dute goizeko ekitaldian Iruñerriko hainbat kolektibok. Eta bertan ikusi da zein anitza eta askotarikoa den mugimendua. Aniztasuna ardatz, bizitza erdigunera ekarri nahi dutelako talde guztiek: aniztasun funtzionala duten emakumeek, ikasleek, migratzaileek, arrazializatuek, pentsionistek, indarkeria sexistaren aurkako taldeek, kolektibo feministek, internazionalistek... Indar erakustaldi kolektiboa agerian utziz eguneroko borrokei heltzeko.

Oraindik garaipen baino erronka gehiago dituztela eta antolatzea bide bakarra dela adierazi dute mugimendu feministako kideek. Elkarren artean zaindu eta babestera deitu dute. Migratutako eta arrazializatutako emakumeak mintzatu dira mobilizazioetan: “Mundu bizigarri bat nahi dugu, baina soilik guztientzat baldin bada. Denok ala inor ez”. Emakumeen Mundu Martxak hogei urte beteko dituela aurten, eta bat egin dute harekin: “Ez ditugu onartuko mugak eta politika arrazistak”. Antolakuntza da feminismoaren giharra eta indartzea da xedea. Argi dute, gainera, zein den haien feminismoa: “inklusiboa, antikapitalista eta antikolonialista”. Emakume guztien aldarrikapenak eta zapalketak izan dituzte ardatz, eta bizitza bizigarriak aldarrikatu.

Mugimendu feministak lortu du, aurten ere, kapitalaren logikari bizitzarena ezartzea. “Ozen eta argi esan dugu jendarte eredu hau bizigaitza dela pertsona gehienontzat, eta jasanezina planetarentzat”. Zuriketa morearen eta feminismo indibidualistaren aurrean kolektiboki jardutearen garrantzia azpimarratu dute: “Gure erronketako bat da edukiz hustutako feminismo bati aurre egitea, gure indarra baliatu nahi baitu feminismoa kontsumo objektu bihurtzeko eta harekin aberasteko”. Eta erakutsi da, bai Iruñean eta baita Nafarroako beste txokoetan ere, nola ari diren lanean kolektiboak, egunero antolatzen, emakumeak zaintzen eta babesten eta asanbladetan parte hartzen. Feminismoa ere, praktika bat delako, eta ezeren gainetik, kolektiboa. Hortaz, orain xedea indar berriak batzea da, komunitate feminista eraikitzen jarraitzeko. Azken urteetan kalean erakutsi den indarra antolakuntzan islatzeko.

Hemen Ahotsa-info-k mobilizazioaz egindako bideoa ikus liteke: