argia.eus
INPRIMATU
Irunberrin ETAko bi kide hil zituztenean han ziren haur gasteiztarrekin hitz egitea lortu dute
  • 1990eko ekainaren 25ean, Irunberrin ETAko bi kide hilda agertu ziren. Suizidioa izan zen bertsio ofizialaren arabera, baina beste bertsioak dio Guardia Zibilak torturatu eta hil egin zituela. Gure Bazterrak memoria taldeak eta Pako Aristi idazleak ikerketa jarri zuten martxan 2022ko urtarrilean. Aristik liburu batean bildu ditu orain arteko ikerketaren emaitzak.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko martxoaren 15

1990eko ekainaren 25ean Irunberriko arroilan gertatutakoaren inguruan aurrerapausoak egin dituztela jakinarazi du Gure Bazterrak Oñatiko memoria taldeak. Egun horretan ETAko bi kide hilda agertu ziren; bertsio ofizialaren arabera, suizidatu egin ziren beren burua harrapatuta ikustean. Baina ETAk eta herritar askok ez zuten sekula sinetsi eta defendatu izan dute Guardia Zibilak torturatu eta hil egin zituela. 

Egia helburu, Gure Bazterrak talde memorialistak ikerketa jarri zuen martxan 2022ko urtarrilean, Pako Aristi idazle eta kazetariarekin batera. Jakin zuten egun hartan Gasteizko haurrez betetako bi autobus joan zirela txangoan Irunberrira, eta irailean haur horien bila hasi ziren. Memoria taldeak jakinarazi duenez, lortu dute haur batzuekin hitz egitea.

Beste aurrerapauso batzuk ere egin dituzte ikerketan. Besteak beste, garai hartako protagonistekin hitz eginda "pista garrantzitsuak" lortu dituzte. Turista holandar batzuk ere Irunberrin zebiltzan egun hartan eta horietako batekin kontaktatu dute. Sumarioko "xehetasun guztiak" aztertu dituzte, eta "kontraesanak nabarmenak" direla azpimarratu dute.

Ekainaren 25 hartan tiroketa izan zen Irunberriko arroilan, Guardia Zibilaren eta ETAko hiru kideren artean. Hervas sarjentua hil zuten etakideek, eta German Rubenach ETAko kidea buruan tiro bat zuela agertu zen, bizirik baina. Hurrengo egunean, berriz, Susana Arregi oñatiarra eta Jon Lizarralde andoaindarra hilda agertu ziren arroilan. Arregik bi tiro zituen buruan, eta Lizarraldek bat.

Ikerketa, liburura ekarrita

Orain arteko ikerketaren nondik norakoak Irunberri 1990, arroilaren negarra liburuan bildu ditu Aristik. Erein argitaletxeak aterako du kalera liburua, eta martxoaren 30etik aurrera egongo da salgai. Apirilean egingo dituzte liburuaren aurkezpenak: 21ean Donostiako Koldo Mitxelenan, 26an Oñatiko Santa Ana antzokian, 27an Andoaingo Bastero kulturgunean eta 28an Iruñeko Katakraken.