Irunberriko Talde Feministaren eskaerari uko egin eta eraso sexisten aurkako kartela ez dutela herri sarreran jarriko erabaki du Rocío Monclús buru duen udal gobernuak, ez dela beharrezkoa argudiatuta, "beste eraso batzuk ere gertatzen direlako". Udalaren diskurtsoa "oso larria" da eta "gutxienekoa betetzeko ere ez dago prest", herriko talde feministatik ARGIAri azaldu diotenez.
Irunberriko Talde Independenteak urteak daramatza herrian gobernatzen eta EH Bildu dago oposizioan. Herriko mugimendu feministak mozioa aurkeztu zuen Udalean, herri sarreran kartela jartzeko aspaldiko aldarrikapena hizpide, baina ezetz erantzun du udal gobernuak. Tamalez, jarrerak ez ditu harritu: "Oso oinarrizko neurria izan arren balio sinboliko handikoa da, gobernatzen duen kolorea edozein dela ere herri askotan dagoena, baita gure inguruko herrietan ere, baina gutxienekoa betetzeko ere ez daude prest, eta ohiko jarrerarekin erantzun du".
Protokoloa ere ez omen da beharrezkoa
Adibidea jarri diote ARGIAri talde feministatik: festen bueltan, indarkeria matxistaren aurkako protokoloa ezarri nahi izan dute aurreko urteetan herriko hainbat eragilek, eta horri ere uko egin diote udal gobernutik, antzeko argudioak erabilita. Irunberriko Barraka eta Talde Feministak elkarlanean protokolo bat jarri zuten martxan, txosnagunean, baina hedapen eta ahalmen mugatua du. Azkenean, udal gobernuak bere protokoloa argitaratu du, aldebakarrez eta prozesuan beste inork parte hartu gabe.
"Indarkeria matxistaren larritasuna eta espezifikotasuna minimizatzen ditu"
Gobernatzen duen taldearen diskurtsoa oso larria dela nabarmendu dute talde feministatik, are gehiago herritarrak ordezkatzen dituen udal baten partetik. "Indarkeria matxistaren larritasuna eta espezifikotasuna minimizatzen ditu, eta egiturazko arazo baten ikusezintasuna eta isiltasuna betikotzen ditu". Gizartean oro har, eta Irunberrin zehazki, indarkeria matxistaren aurka oraindik lan asko dago egiteko, diote mugimendutik. Zorionez, Irunberriko eragileak oso aktiboak direla eta lan handia egiten ari direla adierazi digute, "baina horma bat dugu aurrean, traba trabaren atzetik".
Udalak ez du Palestinako genozidioa salatu nahi
Horma hori ez du soilik mugimendu feministak jasaten. EH Bilduk bigarren aldiz proposatu du Irunberriko Udalak elkartasuna adieraz diezaiola Palestinako herriari, Israel egiten ari den sarraskiaren aurrean. Udal ugarik onartu duen proposamen hau ere atzera bota du Rocío Monclús buru duen Talde Independenteak, egitasmoa ez dagokiola udal eremuari argudiatuta.
EH Bilduk salatu duenez, udal gobernuak atzera bota du Irunberriko euskararen aldeko taldeak, Zintzurrek, egindako eskaera ere. Herriko festetan udal espazio bat erabili nahi zuten haurrentzako euskarazko jardunak antolatzeko, besteak beste udalak euskarazko eskaintzarik ez duelako egiten. Erabilera hori ukatu egin diete ordea, Zintzurrek eskaturiko gunea festetan erabilgarri egon behar duela arrazoituta. "Irunberriko Talde Independentearen euskararen aurkako erabaki ugarietako bat gehiago da hau", salatu du oposizioko alderdiak.