argia.eus
INPRIMATU
1990eko ekainaren 25ean Irunberriko Arroilan izan ziren eta egun 35-45 urte dituzten gasteiztarren bila ari dira, lekukotza jaso asmoz
  • 1990ean, Irunberriko arroilan, Jon Lizarralde eta Susana Arregi ETAko militanteak hil ziren Guardia Zibilaren operazio baten erdian. Bertsio ofizialak esan arren beren buruaz beste egin zutela, besteak beste senide eta lagunek defendatzen dute atxilotu, torturatu eta exekutatu egin zituztela, horren adierazle Lizarraldek biriketan zuen ura. Sumarioaren arabera, egun horretan Irunberriko arroilan Gasteizko Udal Kirol Erakundeak antolatutako haur-txango bateko bi autobus zeuden eta Oñatiko Gure Bazterrak talde memorialista pertsona horien bila ari da, testigantzak jaso asmoz.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2022ko irailaren 12a
Irunberriko Arroilan ETAko bi kide torturatu eta exekutatu zituztela uste du bertsio ofiziala sinetsi ez duen jende ugarik.

1990eko ekainaren 25ean, Irunberriko Arroilan ETAko hiru militante atxilotu zituen Guardia Zibilak, eta horietako bi hil egin ziren: Jon Lizarralde buruan tiro batekin eta Susana Arregi buruan bi tirorekin. Hirugarrenak –German Rubenachek– ere buruan tiro bat jaso zuen eta larri geratu zen, begi batetik itsu.

32 urte geroago, ikerketa etnografiko eta historikoan aritzen den Oñatiko Gure Bazterrak taldeak gertakariak ikertu nahi ditu Pako Aristi idazle eta kazetariarekin batera, Ahotsa.info eta Hala Bedik argitaratu dutenez.

1/1990 sumarioa eskuetan, jakin dute gertakarien egun hartan, Irunberriko arroilan Gasteizko haurrez beteta bi autobus zeudela, Gasteizko Udal Kirol Erakundeak antolatutako txango batera joanak. Kalkulatzen dute haur horiek, gaur egun, 35 eta 45 urte artean izan ditzaketela.

Gertatu zenari buruzko lekukotza berriak jasotzeko helburuz, laguntza eskatu dute txango horretan izan ziren edo egon ahal izan ziren pertsonak bilatzeko, baita gertakariei buruz beste ezer dakien inorena ere. Gure Bazterrak taldearekin harremanetan jartzeko jardunaldiak@hotmail.com helbide elektronikoa helarazi dute.

Irunberriko gertakariak, isiltasun ofizialaren pean argitu gabe

Hainbatetan aldatu behar izan zuen Espainiako Barne ministro José Luis Corcueraren bertsio ofizialak zioen ETAko militanteek beren buruaz beste egin zutela poliziaz inguratuta zeudela ikusi zutenean. Ikerketa judiziala amaitu gabe geratu zen, eta Guardia Zibilaren bertsioa zalantzan jartzen zuten zenbait gertakari argitu gabe utzi zituzten.

Ez zen sekula ikertu nork egin zien tiro Lizarralderi eta Arregiri, Auzitegi Nazionalak ukatu egin baitzuen Rubenach izan zela, fiskalak defendatzen zuen bezala. Ez zen azaldu, ezta ere, zergatik agertu zen Jon Lizarralderen biriketan Irati ibaiko ura, kontraesankorrak ziren lekukotzen zergatia, edo atxiloketak eragin zituen informazioaren jatorria.

Jon Lizarralde, Susana Arregi eta Germán Rubenach ETAko kideak ziren eta erakunde honek Guardia Zibilari egotzi zion hiru militanteak torturatu eta exekutatu izana.