argia.eus
INPRIMATU
Iruña-Veleiaren misterioa
  • Hamarkada bat igaro da eta misterioak argitu gabe darrai. Lehenbizikoz sekulako, berealdiko, egundoko aurkikuntza zela entzun genuen; III. IV. V. mende ilunetara argia ekar zezakeen aztarnategia.Handik laster, faltsifikazio nabarmena zela, eskrupulu eta jakituria gabekoek etekina lortzeko egindako faltsifikazio deitoragarri bezain salagarria.

Pako Sudupe 2017ko martxoaren 13a

Kasik kolore, ideologia eta pretentsio askotariko politikariak iragan dira Arabako Aldunditik, baina misterioak misterio jarraitzen du, eta gaia ez dago adituen eskuetan, eztabaida aberasgarrian, baizik eta auzibide ilunean, jendartearentzat inongo onurarik ez dakarrela; eta hor unibertsitateak ere zerikusi gaitza du.

Zortzi urteko instrukzioa gauza izan ez bada faltsifikazioa egon dela frogatzeko bi ideia etortzen zaizkit burura: bata, instrukzioan ibili direnak profesionalak izaki ikusi dutela ez dagoela faltsifikazioari eusteko frogarik, baina harrotasunak eragozten diela hori argi eta garbi azaltzea; hots, zortzi urteko instrukzioa artxibatzeko zerbaiten bila dabiltzala euren ohorearentzat mingarriegia gerta ez dadin.

Baina hori euskal edo eusko komunitatearentzat arrazoi ziztrina da, kaxkarra oso. Beste ideia da instrukzioan ibili direnek ez dutela aski baliabide izan behar diren frogak egiteko. Baliteke bietatik egotea ere.

Arrazoia bata izan ala bestea izan, edota bietatik egon, tamalgarria dela gisa horretako aztarnategi bat dagoen bezala egotea, auzibidean eta ez ikerketapean eta argitasunak eskaintzen

Baina kontua da, arrazoia bata izan ala bestea izan, edota bietatik egon, tamalgarria dela gisa horretako aztarnategi bat dagoen bezala egotea, auzibidean eta ez ikerketapean eta argitasunak eskaintzen.

Gure historia era batekoa izan ala bestekoa, horrek ez digu etorkizuna baldintzatuko, baina joandako mendeetako arrasto eta aztarnei ez-ikusi egitea ez da batere inteligentea, nik uste. Apriorizko tesi batzuk aldatzeko aukera eman dezake, gure historia hobeki ezagutzeko parada, eta zinez ezjakin, harro eta kaxkar gisa epaituko gaituzte atzetik etorriko direnek gai hau misteriopean uzten badugu. Iruñeko Gaztelu Plazako txikizio eta suntsiketatik ez al dugu ezer ikasi?

Auzibideak lehenbailehen amaitu behar luke, harrokeriak eta apriorizko ideak alde batera utzita, eta beste aro bati bide eman, ikerketa eta argiketari leku egin, eta ikertu eta argitutakoaren zabalkundeari; horren ondotik, turismo inteligenterako aukerak ere zabal litezke. Txango gabiltzanean, ez al gara gustura asko joan ohi gisa horretako aztarnategietara?

Gauza izango ahal gara Iruñeko Gaztelu Plazan jazotakoa berriz gerta ez dadin, ez ahal ditugu ditugun aztarnategi apurrak alferrik galtzen utziko!