Julio Nuñez EHUko irakasle eta Iruña-Veleiako aztarnategiaren zuzendaria dena apirilaren 23an zen deklaratzekoa Gasteizko Auzitegian, 1. Aretoko epaileak ontzat harturik SOS Iruña-Veleia elkarteak aurkeztutako kereila, Juan Martin Elexpuruk bere blogean azaldu duenez. Juezak erabaki beharko du ea Nuñezek delitua egin zuen 2010eko udan hondeamakina sartuta aztarnategiko 6.000 metro koadro lur harrotzean.
Ez da elkarteak zuzendari berria auzitara eraman nahi izan duen lehenbiziko aldia, 2010ean ere saiatu baitzen. Urte hartan Arabako Foru Aldundiak Iruña-Veleiarako plan berria aurkeztu zuen, Julio Nuñezen gidaritzapean. Oraingoan, elkartearen salaketa eta interesak legez Patxi Zabaleta abokatuak defenditzen ditu. Kronika honekin doan bideoa da salatzaileek auzitegian epaileari aurkeztuko dioten frogetako bat.
Indusketatik ateratako materialen faltsutasunaren eskandaluagatik kargutik kendua zutenez geroztik Eliseo Gil aurreko zuzendaria, SOS Iruña-Veleiak bisita gidatuak eta bestelako ekitaldiak antolatzen ditu, aztarnategiaren kudeatzaile baimenduek egiten dituzten jardueren paraleloan. Hain zuzen, maiatzaren 2tik 12ra bitartean II. Biltzar Nagusia antolatuko dute, “Europako altxor arkeologikoa, linguistikoa eta historikoa” izenburupean. Maiatzaren 7an "Nola askatu Iruña-Veleiako korapiloa" eztabaidatuko dute mahai inguruan, tartean dela elkartearen abokatu Patxi Zabaleta.