argia.eus
INPRIMATU
Iruña-Veleiako aztarnategia ‘hondeatzaileaz ez suntsitzeko’ manifestaziora deitu dute
  • Martxoaren 30erako Iruña-Veleia martxan, SOS Iruña-Veleia eta Euskeraren jatorria elkarteek manifestaziora deitu dute, Aski da! Argitu, ez suntsitu lelopean. Azken bi urteetan "hondeatzaileak sistematikoki eremu arkeologiko oso aberatsak suntsitzeko modu programatuan" erabiltzen ari direla salatu dute.

Unai Lomana Uribezubia 2025eko martxoaren 03a
Iruña-Veleiako aztarnategia Iruña-Veleia martxan

Arabako Aldunditik aterako da manifestazioa, eta, deitzaileen esanetan, azken urteetan Iruña-Velaiako aztarnategian aurrera daramaten "suntsipen sistematikoa" salatuko du. "50 zentimetro lur baino gehiago kendu nahi badira hondeatzaileak ez duela horretarako balio" adierazi du Iruña-Veleia Argitu, Ez Suntsitu plataformak.  "Arabako Forua Aldundiak kudeatzen duen eta Eusko Jaurlaritzaren jabetzapean dagoen eremu honetan (hondeatzailea) lau metroraino sartu dute inolako gupidarik gabe".

Bertan aurkitutako grafitoekin Arabako Foru Aldundiak izan duen jarrera ere salatu dute. Aldundiak grafitoak faltsuak direla esan du, eta plataformaren aburuz "grafitoak datatu gabe ezin da faltsuak direla esan". Gogoratu dute Eliseo Gilek aztarnategiko ardurdun ohiak, 2007an, "50 grafito datatzea" baina ez dela egin. 

Instituzioen jarreraren zergatia euskalduntze berantiarraren teorian topatzen du plataformak. Teoria horrek "hemen erromatar garaian zelta egiten zela eta ez euskera" dio. Hala ere, egunez egun teoria hori "pikutara" doala adierazi dute, eta Irulegiko Eskua edo Lantzeko hitza, besteak beste, direla horren lekuko. Alderdi eta instituzioen "isiltasuna" eta "konplizitatea" salatu dute, eta ondarea babestea aldarrikatu. 

Manifestazioaren deialdia.  Iruña-Veleia Argitu, Ez Suntsitu Plataforma