argia.eus
INPRIMATU
Iruña-Veleia, duela 18 urte

Tomas Elortza Ugarte 2024ko ekainaren 13a

Duela 18 urteko ekainean Iruña-Veleiako grafitoen berri izaten hasi ginen. Berri pozgarria euskaldunontzat.

Gaur egungo egoera ez da hain pozgarria, ordea. Alde batetik, Arabako Foru Aldundia (AFA) grafito guztiak faltsuak direla esanez eta bestela pentsatzen dutenak konspiranoikotzat joz. Bestetik, duela lau urte argitaratutako epai judiziala. Eta hirugarren aldea, grafitoen benetakotasuna edo faltsutasuna Zientziak erabaki behar duela aldarrikatzen duena: azterketa filologikoekin batera, froga fisiko-kimikoak, datazioa, termolumineszentzia, C14a… egitea eskatzen dute, Irulegiko Eskuarekin bezala.

Epaiketak grafitoen auzia argituko zuen ustea ustela gertatu zen. Eliseo Gil zigortzeko balio izan zuen, baina soilik 36 grafito "faltsutzeagatik"

Epaiketak grafitoen auzia argituko zuen ustea ustela gertatu zen. Eliseo Gil zigortzeko balio izan zuen, baina soilik 36 grafito "faltsutzeagatik" –beste gauza bat da faltsutze horren frogak sinesgarriak diren, pertsona bakarraren ikerketan oinarrituta baitaude–. Beste hamazazpi ikertzaile ez ziren ondorio horretara iritsi. Eliseo Gilek helegitea jarria dauka epaiaren aurka.

Gainera, epaiaren hainbat baieztapenek zalantzan jartzen dute AFAren erabateko ziurtasuna eta oraindik grafitoen inguruan zeregin handia dagoela adierazten dute: 39 grafito bakarrik analizatu zirela IPCEn eta horietako bat benetakoa eta 36 faltsuak direla; gainerakoei –291taz ari da epaia– ez zaiela analisirik egin. Eta bat berari ere ez dataziorik.

Bien bitartean, Zientziaren aldeko apustua egin dutenak beren ahaleginean ari dira, korrontearen aurka, hitzaldiak eta hileroko bisita gidatuak antolatuz, artikulu eta eskutitzak idatziz, AFAri grafitoak hiru laborategitan aztertzea eskatuz, blogak eta sareak erabiliz, bideoak grabatuz, aztarnategian egiten ari diren txikizioa salatuz…, azkenean Iruña-Veleia argituko den itxaropen osoarekin.

Tomas Elortza Ugarte