argia.eus
INPRIMATU
Iruña-Veleiako grafitoen auzia 2020ko otsailean epaituko da
  • Hiru pertsona daude auzipetuak epaiketan. Arabako aztarnategi arkeologikoko grafitoak faltsutzea leporatzen diete fiskaltzak eta Arabako Aldundiak. Epaitegiak akusazioa eta akusatuak batuko ditu aurretik, adostasunerako aukerak aztertzeko.

ARGIA @argia 2019ko irailaren 12a
Iruña-veleia aztarnategiaren irudi bat. Argazkia: Wikipedia.

Iruña-Veleiako grafitoen auziak badu epaiketa data. Gasteizko Zigor arloko 1 zenbakiko Epaitegiak epaituko du kasua, 2020ko otsailaren 3an hasita. Aurretik, urriaren 14an, epaitegiak akusazioak – Arabako Fiskaltza eta Arabako Aldundia– eta defentsak –hiru akusatuen abokatuak– deituko ditu. Prozedura kontuez gain, akordio baterako balizko aukerak aztertuko dituzte bilera horretan.

Hiru dira auzipetuak. Egitateen garaian aztarnategiko zuzendari Eliseo Gil; Oscar Escribano arkeologoa; eta Ruben Manuel Cerdan fisikari nuklearra. Lehenengo biei aztarnategian aurkitutako grafito batzuk faltsutzea leporatzen diete akusazioek, eta fisikariari, aldiz, horien egiazkotasuna frogatuko luketen txosten faltsutuak egitea.

Urteetako espetxe zigor eskaerak

Gilentzat fiskaltzak bost urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen du, ondare historikoaren aurkako delitu jarraitua eta dokumentu pribatuen iruzurra leporatuta. Aldundiaren eskaera 7 urte eta erdikoa da, aurreko akusazioei kalte eta iruzur delitu jarraitua gehitzen baitie. Escribano arkeologoarentzako hiru urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra eskatzen du aldundiak, ondarearen aurkako kaltea egotzita. Fiskaltzak bost urte eta erdira igotzen du eskaera, iruzurra ere leporatzen diolako. Cerdan fisikariarentzako hiru urte eta bederatzi hilabeteko zigorra eskatzen du aldundiak, eta bi urte eta sei hilabetekoa fiskaltzak, iruzurragatik.

Euskararen jatorriak

2005 eta 2006 urteetan hainbat grafitoren berri eman zuen Iruña-Veleia aztarnategia aztertzen ari zen eta Gil buru zuen Lurmen enpresak. Historikotzak jo zituzten. Grafitoak zeramika piezen gainean zeuden idatziak, eta horietatik ondorioztatu zitekeen III. mendean euskara inguruan zabalduta zegoela. Gerora etorri ziren iruzur leporapenak, eta ordutik aldeko eta aurkako iritziak eta jarrerak ugariak izaten ari dira.