argia.eus
INPRIMATU
Iruña Park eta Maria Cristina hotela egokituko dituzte gaixoak hartzeko
  • Iruñeko Iruña Park hotelean etxean ospitaleratuta dauden koronabiruseko gaixoak hartuko dituzte, ez ospitaleratzea eskatzen duten pertsonak. Donostian Maria Cristina hotela prestatuko dute eginkizun bererako.

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 28a
Iruñeko Iruña Park Hotela.

Ehun ohe Iruña Park Hotelean

Asteburu honetan amaituko dute hotela prestatzen eta 24 orduz egongo da zerbitzuan, erradiologia eta analitika zerbitzuak eskainiz eta "ospitaleko baliabideak optimizatzeko" aukera emanez, Indurainek prentsaurrekoan adierazi duenez. Gaineratu du, halaber, gobernua lanean ari dela osasun-langileentzako beste bi hotel egokitzeko, bata konfinamendua behar dutenentzat eta etxean hori egin ezin dutenentzat, eta bestea lanpostuetatik gertu atseden hartu ahal dezaten.

Gaur egun, Nafarroak 100 ohe ditu etxean ospitaleratzeko, eta Iruña Park Hotelarekin ahalmen hori bikoiztu egingo da, Julio Sanchez Nafarroako Ospitale Guneko Barne Medikuntzako zerbitzuburuak azaldu duenez. Behar duten gaixoak, dena den, ospitalera eramango dituzte.

Ostiral honetan, Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak zabalik utzi zuen atea, Iruñeko Buztintxuri auzoan dagoen Refena Erakustazokak "400 oheko kanpaina-ospitale bat" har dezan, hori bai, "azken baliabidea" litzateke. Foru Gobernuak hogeita hamar bat hotel izan ditzake Nafarroan, koronabirusean positibo ematen duten osasun arloko profesionalak hartzeko edo langile horien atseden egunetarako.

Donostian Maria Cristina hotela

Maria Cristina hotela Donostiako Udalarena da eta Marriot International enpresak kudeatzen du. Udalak tratua egin du enpresa horrekin hotelean koronabirusaz kutsatutako gaixo arinak ostatu har dezaten.

Gaixook etxean egoteko moduan daude, baina etxeko baldintzak egokienak ez direlako edo etxekoak kutsatzeko arriskua saihesteko hotelean egongo lirateke. 120 gela ditu hotelak eta gaixoen jarraipena Osakidetzak egingo luke.