argia.eus
INPRIMATU
Irun hiriburu berde bihurtuko dute asteburuan Bioterra azokarekin
  • Produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren Bioterra azoka antolatu dute ekainaren 6tik 8ra Irungo Ficoban. Asteburu osoan hainbat hitzaldi, erakusketa eta tailer egongo dira.

Judith Perez @judyjudd 2014ko ekainaren 06a
Ingurumenarekin lotutako hainbat gairi buruz hitz egiteko aukera eskainiko du Bioterrak.

Energetikoki buruaskia den etxe bat bisitatu edota sukaldaritza, biokosmetika eta terapiei buruzko doako erakustaldietara joan ahalko dira azokara hurbiltzen direnak.

Hainbat hitzaldi ere egongo dira asteburu osoan, besteak beste Kutxa Ekoguneko Amaia Otazok kontsumo arduratsuaz eskainiko duena; toxikorik gabe bizitzen erakustea helburu duen Elisabeth Silvestre biologoaren mintzaldia; Greenpeaceko Tatiana Nuñok klima aldaketari buruz eskainiko duena; edo zero zabor paradigma jorratuko duena Joan Marc Simon Zero Waste Europeko zuzendariaren eskutik.

Larunbat arratsaldean protagonismoa moda iraunkorrak hartuko du, gai hori jorratuko duten hainbat hitzaldi egongo baitira.

Eta jarduera praktikoak nahiago dituztenentzat, tailerrak ere eskainiko dira Bioterran, adibidez, etxean konposta egiten ikasteko, edo birziklatzen ikasteko, azken hori txikienenei zuzenduta. Larunbatean eta igandean bizikleta hirian erabiltzeari buruzko doako ikastaroak ere izango dira.