argia.eus
INPRIMATU
Irun eta Hendaia arteko mugak hetsirik segituko du gutxienez apirilaren 30a arte
  • "Terroristen mehatxuak izugarri handia izaten segitzen duelako", Frantziak dituen muga administratiboek hetsirik segituko dute gutxienez apirilaren 30a arte. Bidean dabiltzan etorkinei traba arriskutsu hau inposatzen segitzen du beraz Frantziako Gobernuak.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2021eko urriaren 21a
Urriaren 12an, trenak leherturik, Donibane Lohizunen hildako hiru etorkinen oroimenez egin elkarretaratzea

Irun eta Hendaia arteko mugak hetsirik segituko du, gutxienez 2022ko apirilaren 30a arte. Horren berri eman du Frantziako Gobernuak Europar Kontseiluari urriaren 2an bidalitako gutunean. Arrazoia, orain arteko bera: "Terroristen mehatxuak izugarri handia izaten segitzen du".

2015ean Charlie Hebdo komunikabidearen kontra zuzenduriko atentatuaz geroztik Frantziaren mugen kontrolak areagoturik ditu Frantziako Poliziak. Orduz geroztik, sei hilabete guztiz luzatzen du mugen kontrola. Egun hauetan hamalau dira atentatu horrengatik epaiturik, Parisen. Epaiketa hau dela eta terroristen mehatxua handia dela dio Frantziako Gobernuak.

Aldi honetan, COVID-19aren arrazoia ere ematen du erabakia azaltzerako orduan.

Etorkinak, bizia arriskatuz

Bidasoak lapurturiko ala trenak leherturiko biziek garrantzia gutxi dute beraz Pariseko agintarientzat. Urte hastapenaz geroztik, seik galdu dute bizia Irun eta Hendaia arteko muga administratiboa zeharkatzerakoan –gehiago ere izan daitezke, baina gutxienez sei dira atzemandako gorpuak–.

Oroit gara, Pirinioetako mugak zaintzen dabiltzan polizien kopurua bikoiztea erabaki zuela duela urte bat Emmanuel Macron presidenteak. Gainera, urtarrilean Eric Spitz Pirinio-Atlantikoetako prefetak Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko zortzi pasabide hetsi zituen, beti ere "terrorismoaren kontrako borrokarako".

Urtero 7.000 migrante inguru heltzen dira Ipar Euskal Herrira –Baionako Pausa zentrotik hilabetero 600 bat etorkin pasatzen dira–. Hain zuzen, 2018az geroztik Afrika iparraldetik Espainia hegoaldera doan bidea garatu egin da, ordura arteko beste bideak konplikatuz joan direlako –Grezia eta Italiatik Europara sartzea geroz eta zailagoa bilakaturik, eta Kroaziako sarbidea ere ikaragarri bortitza izanik–.

Muga administratiboa hetsirik ala sistematiko kontrolatua izanik, bide arriskutsuak hartu beharrean dira etorkinak.