Migrante eta iheslari guztientzat bide seguruak eta erregulazioa eskatu dituzte Trintxerpe eta Donostia batu dituen Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako 25. martxak.
700 lagun inguruk egin dute bat deialdiarekin, SOS Arrazakeriak azaldu duenez. Pasa lemapean, Irun eta Hendaia arteko polizia kontrol selektiboak salatu dituzte igandean Trintxerpen hasi eta Donostian amaitu den martxan. "Korridore humanitarioak" eskatu dituzte, Ukrainako errefuxiatuei egiten zaien harrera bera egiteko beste migranteei ere, "posible" delako. Hendaiako geltokian gertatutakoaren berri eman dute antolatzaileek: "Ukrainako familia bati harrera egin zioten, baita poliziak ere. Une berean topoan pertsona beltz batzuk iritsi ziren, eta etorri ziren bezala bidali zituen poliziak”. SOS Arrazakeriak, Gipuzkoako MedicusMundik eta Euskadiko GGKEen Koordinakundeak deitu dute mobilizazioa, gaur astelehena Diskriminazioa Ezabatzearen Aldeko Nazioarteko Eguna dela-eta.
Antolatzaileek gogorarazi dute iaz hiru migratzaile hil zirela gutxienez Bidasoa ibaia zeharkatu nahian, eta jendeari dei egin diote kontzientzia hartu eta mobilizatzera, "onartezina" delako "bizitza duin" bat izan nahia bizitza galtzearekin lotuta egotea.