argia.eus
INPRIMATU
Irun eta Hendaia arteko Avenida zubia urriaren 30ean irekiko dute
  • 2021etik itxita egon den Avenida zubia irekiko dutela iragarri du asteazken goizean Pirinio Atlantikoetako prefekturak. Frantziako Estatuan ospatzen ari den gizonezkoen munduko errugbi kopa bukaturik irekiko dituzte oraindik itxiak diren mugako pasabideak, Euskal Herriaren kasuan lau dira: Avenida zubia, Izpegiko lepoa, Aldudeko pasabidea eta Larraineko lepoa.

Antxeta Irratia 2023ko urriaren 12a
Argazkia: EiTB

“Migrazioa kontrolatzeko eta terrorismoaren aurkako” neurri bezala zegoen itxita Avenida zubia, eta Frantziako Estatuan antolaturiko ekitaldi handiak erabili izan dira itxiera luzatzeko. Azken asteetan, Europar Parlamentuko eskubide zibilen batzordeak mugen itxierak “behin-behinekoak, zehatzak eta justifikatuak” izan behar direla oroitarazi zion Frantziari.

Mobilizazioaren fruitua

Pasabide hauen itxierak herritarren mobilizazio handiak ekarri ditu. Bidasoaldean, Irungo Harrera Sarea eta Bidasoa Etorkinekin izan dira mobilizatzaile nagusiak, baina alderdi politikoak, sindikatuak eta instituzioak ere neurri hau salatzen ibili dira. Azken asteetan, Hendaiako herritar talde batek izenpedura bilketa abiatu zuen Avenida zubia irekitzeko eskatuz, eta 12.654 sinadura bildu zituzten. Kotte Ezenarro auzapezari helarazi zizkioten joan den larunbatean, hark prefetari emateko. Lehenago iritsi da baina prefekturaren neurri berria, eta urriaren 30ean irekiko da Avenida zubia.

Albistea pozarren hartu du Kotte Ezenarro Hendaiako auzapezak. LAB sindikatuko Eñaut Aramendi haatik, mesfidantza handiagoz mintzatu da Antxeta Irratian; zubiaren irekiera Bidasoaldeko herritarrentzat neurri positiboa bada, etorkinentzat kontrol mota berriak ekarriko dituelako. Aimar Lopez berekin mintzatu da: