argia.eus
INPRIMATU
Irulegin tipologia berezia duen etxebizitza eta pieza arkeologiko ugari azaleratu dituzte aurtengo kanpainan
  • Antzinako euskarazko hitzak dituen eskua agertu zen Nafarroako indusketagunean arkeologoek lanean jarraitu dute aurten eta Burdin Aroko herrixka baten aztarna gehiago aurkitu dituzte, tartean harrizko eskailerak dituen etxebizitza, mendebaldeko Pirinioetan ez da inoiz orain arte halako egiturarik aurkitu.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko irailaren 15
2.000 bisitaritik gora izan dira Irulegin aurtengo kanpaina arkeologikoak iraun duen bitartean. Irudian, Ataungo herritarrak Mitoaldiaren baitan antolatutako bidaian. Argazkia: Ataungo Udala.

Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoek amaitu dute Irulegiko Burdin Aroko herrixkan aurtengo kanpaina eta balorazioa egin dute ostegun honetan. Antzinako euskarazko hitzak dakartzan esku baten formako brontzezko pieza aurkitzeak eman dion sonaren ondorioz, ikusmin handia sortu du kanpaina honek.

Mattin Aiestaranek zuzendutako taldea gustura dago emaitzekin. Hirugarren etxebizitza bat osorik azaleratu dute eta etxera sartzeko harrizko eskailera batzuk dituela jabetu dira; halako egitura bat ez da inoiz aurkitu mendebaldeko Pirinioetan: "Harrigarria da zazpi mailako eskailera honek gaur egun arte izan duen kontserbazioa", azaldu dute arduradunek.

Kale nagusiaren ekialdeko eremuan aritu dira lanean, eta hor ere herrixkari duela 2.000 urte inguru eraso egin ziotela pentsatzeko zantzuak aurkitu dituzte, tartean erretako eremuak baitaude. Arma ugari  topatu dituzte eta milaka zeramika zati, animalien hezur eta etxeko tresna ere bai.

Material horren lehen azterketa bat eginda ikus liteke garai hartako baskoiek kontaktuak zituztela erromatarrekin eta harreman hori uste baino konplexuagoa zela.

2.000 bisitari baino gehiago

2023ko kanpaina orain arteko luzeena izan da, hiru hilabete iraun ditu eta 100 bolondres aritu dira lanean. Denbora tarte horretan denera 2.000 bisitari baino gehiago izan dituzte.

Horrez gain, Arangurengo Udalak Irulegi mendiko sarbideak egokitu ditu, aparkaleku bat atondu du eta seinaleak jarri ditu, "aztarnategia modu jasangarriago eta antolatuagoan bisitatzeko".