argia.eus
INPRIMATU
Irulegiko Eskua patentatzeko saiakerei aurre egingo die Nafarroako Gobernuak
  • Aurkikuntzaren berri eman zenetik, hamairu eskaera aurkeztu dituzte Irulegiko Eskuarekin lotutako marka edo diseinu industriala erregistratzeko.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko otsailaren 02a
Irulegiko Eskua, Aranzadik aurkitu zuenean.

Irulegiko Eskuaren diseinu industriala eta marka erregistratzearen aurka egingo du Nafarroako Gobernuak, aurkikuntzaren erabilera pribatizatzea saihesteko asmoz. Azaroaren 14an aurkikuntza arkeologikoaren berri eman zenetik, hamahiru eskaera egin dituzte Irulegiko Eskua patentatzeko. Rebeca Esnaola Kultura eta Kirol kontseilariak patentatzeko saiakera hauei aurka egitea bermatzen duten txosten juridikoaren ondorioak jakinarazi dizkio Gobernuari, asteazkeneko bilkuran. 

Esnaolak adierazi du eskaeren aurka agertzearen helburua ez dela Irulegiko Eskuaren jabetza Gobernuarena izatea, baizik eta aurkikuntzaren ordezkaritza eta izendapena "askatasunez" erabiltzea, "aurkikuntza arkeologiko, etnografiko, ondare eta kultura alorreko gisa duen garrantziagatik".

Erregistro eskarietako batek diseinu industrialaren gaineko jabetza izatea du helburu, Irulegiko Eskuaren irudikapen grafikoa egiteko. Besteek, aldiz, markaren jabetza erreklamatzen dute, horietatik zazpik "Sorioneku" terminoarena eta beste bostek "Irulegiko Eskua" adierazpenarena. 

Nafarroako Gobernuak Patenteen eta Marken Espainiako Bulegoan egingo du erregistro eskaera hauen aurka. Diseinu industriala erregistratzearen kontra, berrikuntza gabezia alegatuko du Diseinu Industrialaren Babes Juridikorako Legea aintzat hartuta. Marken eskariei dagokienez, berriz, Marken Legeak barnebiltzen dituen hainbat debeku hartuko ditu aintzat, esate baterako izaera bereizgarri eza, publikoari balizko produktu baten jatorri geografikoarekiko nahastea eragin ahal izatea, markak eskatzaile ez diren pertsonekin identifikatzea edo jabego intelektualaren eskubideak urratzea.