argia.eus
INPRIMATU
Iruinek eta Etxeberriak Endarlatsako tuneletik ukatu dute Zabalzaren hilketaren bertsio ofiziala
  • Ostiral honetan bete dira 36 urte Guardia Zibilak Mikel Zabalza torturaz hil zuela. Familiak igandean gogoratuko du eguna Orbaitzetan egingo duen ekitaldiarekin.

Xabier Letona Biteri @xletona 2021eko azaroaren 26a

Paco Etxeberria auzi medikua eta Iñigo Iruin Zabalza familiaren abokatua itzuli dira Endarlatsako tunelera eta handik bertatik gezurtatu egiten dute Guardia Zibilak bere garaian emandako bertsioa, oraindik ere egi ofizial gisa aitortzen dena.

Iruin eta Etxeberria 6:00etan sartu dira tunelean, gauez, Guardia Zibilaren bertsioak dioen bezala. Teniente batek besotik helduta zeraman atxilotua eta ustez ETAko zulo baten bila zihoazen -beti ere Guardia Zibilak kontatu zuenez–. Zabalzak eskuak esku-burdinez lotuta zituen gorputzaren aurrean eta bi guardia zibilek zabaltzen zuten bidea ezker-eskuin sei-zazpi metro aurrerago.

Zulora iritsi zirenean, haren ondotik pasatzen zen guardia zibilak aurrera jarraitu zuen atzean Zabalzarekin zihoan tenienteari paretako zuloaren berri eman gabe. Zuloaren parera iristean, Zabalzak belaunarekin kolpatu zuen tenientea barrabiletan eta zulotik behera abiatu zen.

Gaur egun eskailerak daude Bidasoa ibairaino, baina orduan ez zen horrelakorik eta Iruinek dio tuneletik behera aldapa handia dagoela, “gutxienez 30 graduko erripa egongo da”. Etxeberria abiatzen da behera poliki-poliki, esanez oso zaila litzatekeela hortik eskuak lotuta jaistea, uretara salto egitea eta dena isilean. “Ezinezkoa”, gaineratzen du Iruinek. Azpimarratzen dute, gainera, are sinesgaitzagoa dela, handik ihes egin eta guardia zibilek ez jo izana Zabalzaren atzetik. Bertsio ofizialak dio, dena isilean gertatu zela, guardia zibilek ez zutela ezer entzun eta korrika abiatu zirela tunelaren hasiera eta amaierara. Armatuak ziren guardia zibilak, jakina, baina ez tirorik, ez gelditzeko ohartarazpenik. Ezer ez. Dena isilean, bertsio ofizialaren arabera.

Kontakizun hau guztia ikus liteke Ahotsa.info-ren webtelesailaren 10. kapituluan. Non dago Mikel? Filmarako jasotako soberako materialarekin ari dira osatzen kapitulu hauek. Filma Espainiako Goia sarietarako hautagaien artean dago orain.

“Kasua argitu behar da”

Idoia Zabalza hildakoaren arrebak Euskalerria Irratian egindako elkarrizketan azaldu duenez, “urtero bezala, lore eskaintza eta lagun eta senitartekoen hitzartzeak prestatu ditugu”. Nabarra Sumako Iñaki Iriarte parlamentariak egindako barkamen eskariaz galdetuta, aurrerapauso bat dela gehitu du, baina oraindik kasua argitu gabe dagoela eta hori dela garrantzitsuena, kasua argitzea: “Hitzak eskertzekoak diren arren norberak badu dagoen lekuan ere erantzukizun bat”.