"Bestela, niri gauza bakarra etortzen zait burura: jokoaren irteteko laukira itzuli behar dugula. Hau da, zilegitasun demokratikoaren marra gorria ongi markatu behar dugula, eta hori defenditu, daukagun guztiarekin. Debate politikoaren hasiera-puntua ezin daiteke izan “euskara inposatu nahi duzue”, “euskaraz bizi nahi dugu” baizik".
Joan den apirilaren 8an Korrikako amaiera ekitaldian egon nintzen, beste milaka herritar batzuekin batera. Kasualitatez, Iruñeko Sarasate pasealekuko San Nicolas elizatik 12:00etako mezatik ateratzen ari zirenekin nahasi nintzen. 70-80 urte bitarte edukiko zituen andre bat suertatu zitzaidan parean, Gipuzkoara edo Bizkaiara joateko agindu zidana, iruñarrak bakean utzita, Iruñekoa naizela arrapostu nion… Lotsa ematen du kontatzeak, ez du merezi.
Ordea, geroago, zera pentsatu nuen, denbora-tunelean bageunde lez, 40 urte lehenago, zenbat holako.
Oso paradoxikoa da. Itxura batean ez da ezer aldatu: betiko teman gabiltza, kontu identitario oinarrizko eta garrantzizkoetan betiko molde ergelean, batzuok eta besteok txotxogilo moduan erabiltzen gaituztenen mendeko; eta aldi berean, gauza asko aldatu da, gauzak asko aldatu dira. Nola ulertu, nola desegin korapiloa?
Beharbada zentzuzkoena da gauzak dauden-daudenean uztea, arrazoi biologikoari bidea ematea, eta bi belaunaldiok, emakume harena eta nirea, desager daitezen denbora ematea. Hainbeste ere ez da falta. Gero gerokoak.
Bestela, niri gauza bakarra etortzen zait burura: jokoaren irteteko laukira itzuli behar dugula. Hau da, zilegitasun demokratikoaren marra gorria ongi markatu behar dugula, eta hori defenditu, daukagun guztiarekin. Debate politikoaren hasiera-puntua ezin daiteke izan “euskara inposatu nahi duzue”, “euskaraz bizi nahi dugu” baizik.
Jokoaren irteteko laukira itzultzea, niretzat, ideia hauetan laburbiltzen da:
1. Euskararen gaia gai politikoa da, bete-betean eta oso modu oinarrizkoan, gainera. Has gintezke errealitate gordin hori onartzetik. Eta landu dezagun arlo politikoan, batez ere.
2. Euskarari dagokionez, etorkizunean bi egoera baizik ez dira posible Nafarroan: euskara desagertzea, edo bizitza duin bat edukitzea (besterik da duintasun hori zertan datzan definitzen hastea). Erdibideko egoerak (gaur egungoa, esaterako), baterako edo besterako trantsizioak baino ez dira izango.
3. Euskara Nafarroan (ko)ofiziala da, denok ezagutzen dugun zonifikazioarekin, baina (ko)ofiziala. Ofiziala izateak hainbat gauza esan nahi du: esan nahi du euskara bertako hizkuntza dela; badagoela, gutxiengoa izan arren, bere bizitzan nagusiki edo ahal den gehienetan hizkuntza hori erabiltzen duen hiritar multzo bat; hiritar multzo horrek eskubide eta betebehar batzuk dituela, bere zergak ordaintzen dituela, beste gainerako hiritar multzo guztiak bezalakoa dela, behar eta nahien aldetik; hizkuntza ofizialak bertakoak ez diren, eta beraz, ofizialak ez diren hizkuntzen gainetiko estatusa eduki behar duela. Esan nahi du, halaber, administrazioak konpromiso batzuk bete behar dituela hizkuntza (ko)ofizial gutxiagotua erabiltzen duen hiritarren multzoari begira, eta konpromiso horiek betetzea baliabide batzuk eskatzen dituela, giza-baliabideak eta baliabide materialak. Ofiziala izateak hori guztia eta beste gauza batzuk ere esan nahi du. Hori da arrazoi demokratikoak eskatzen duena. Horren aurka ari dena bere burua arrazoi demokratikotik at jartzen ari da. Egia sinple eta elemental hauek bizikidetza gidatzen duen ezin igarotzeko moduko zoru demokratiko bat ezarri beharko lukete. Zoritxarrez, ez da hala.
4. Aurrekoaren ondorioz, gogorarazi behar zaie eragile politiko eta sindikal guztiei (ko)ofizialtasun hau 1986an ezarri zela, aipatu baldintzekin (zonifikazioarekin), baina alderdi eta sindikatu guztien oniritziarekin (bestela esanda, Parlamentuko bozketan hiru boto aurka baino ez zituen izan, oker ez banago). Onetsi zen lege murriztaile eta profilaktiko haren abaroan, euskara sustatzearen alde hartzen den edozein erabakiri aurka egiten dioten eragile politiko eta sindikalei galdatu egin beharko litzaieke, jendaurrean galdatu ere, berehala: euskara ofiziala izatearekin ados zaude? Bai? Orduan zergatik zaude lege haren mugen artean harutako neurrien aurka? Ez zaude ados? 86an ados egon bazinen, zergatik orain ez? Zer aldatu da, gizartean, zure parametro politikoetan, edo zure buruaren baitan, orain ez onartzeko 86an onartu zenuena? Ofizialtasunaren aurka daudela onartu gabe, efektiboki ofizialtasunaren aurka ari direnen diskurtso hipokrita eta faltsua salatu behar da etengabe, arrazoi demokratikoa gure alde dagoela azpimarratuz.
5. Hainbat ikerketak esaten dutenez (Miquel Gros i Lladosek 2007an egindakoa, esaterako), 86ko legea egin zenean, eta zonifikazioa egiteko honelako kontuak berariaz egin ez baziren ere, biztanleen %5etik %10era euskalduna zuten eskualdeak eremu mistoan sartu ziren, eta euskaldunen %10etik gora zeukatenak, eremu euskaldunean. Prest leudeke, orain, 86an horixe onartu zutenak, legea ehuneko horien arabera, baina gaurko datuekin, aldatzeko (eremuen mugak mugitzeko, bistan da)? Bai? Ez? Baina, batez ere, eztabaida dezagun: 86an onartu bazuten, zergatik orain ez?
6. Bistan da kontsentsua eta adostasuna litzatekeela onena euskararentzat eta nafarrentzat; bistan da onena litzatekeela bizikidetzarako, eta gauza guztietarako. Ordea, bistan da, baita ere, zenbait eragile politikok eta sindikalek ez dutela kontsentsurik edo adostasunik nahi gai honetan (nola nahiko dute, konfrontazio horretatik hauteskundeetan probetxu ateratzea espero badute?). Gauzak horrela, gatazka gordinenak botuen bidez erabaki beharko dira. Badakigu, oraingoz, euskaltzaleok gutxiengoa garela gure proposamenak aurrera ateratzeko (euskara lurralde osoan ofiziala aldarrikatuko duen legeari buruz ari naiz, jakina). Ordea, kontsentsuak egin eta desegin egiten dira, edukiak negoziatu egiten dira, gutxiengoak eta gehiengoak aldatu egiten dira. Alderdi politiko euskaltzaleen ardura eta erantzukizuna da aritmetika aldaketa horiek lantzea eta posible egitea. Alderdi politikoena, eta ez gizarte euskaltzaleena. Baina… konturatzen ari gara, alderdi denak berdinak ez badira ere, denentzat dela euskara gai sektorial bat (eta ez inportanteenetakoa), euskaraz bizi nahi dugunontzat unibertso oso bat (hila ala bizikoa idaztekotan egon naiz) den bitartean.
7. Euskararen alde leudekeen Nafarroako eliteen engaiamendua eta mobilizazio behar-beharrezkoa da, eztabaidaren oinarria “euskaraz bizi nahi dugu” izan dadin, eta eztabaida parametro demokratikoen arabera gauza dadin (euskararen ofizialtasuna errespetatu, gutxiengoaren eskubideak babestu eta bermatzeko). Oso beharrezkoak iruditzen zaizkit, euskararen aurkakoek euskararen garapena oztopatzeko jartzen dituzten baliabide ugariei aurre egin ahal izateko.
8. Herri euskalgintzaren mugimendua ere funtsezkoa da. Baina euskalgintzak bere ekarpena egingo du, historikoki orain arte egin izan duen bezala. Euskalgintzaren ekimenari eta gizarte euskaltzalearen kemen eta bultzadari esker gaude, oraindik, partida hau jokatzeko moduan; bai, gizarte zibil euskaltzaleak ekarri gaitu gaurko egoerara, baina bere mugak ditu, berak bakarrik ezin du.
Bada, horixe, irteteko laukira itzuli edo den-dena bere horretan utzi, hazkunde begetatiboaren esku. Besterik ez dut ikusten.