argia.eus
INPRIMATU
“Irtenbidea Polizia kopurua handitzea balitz, arazoa jadanik konponduta legoke”
  • Azken asteetan albiste izan da Gasteizko Errota auzoa, urriaren 8az geroztik delinkuentziaren aurkako eta segurtasunaren aldeko mobilizazioak egiten baitituzte zenbait auzokidek asteartero, bi lonja huts okupatu zituzten gazte migratzaile batzuk jo-puntuan jarrita. Inguruan dabiltza eskuin eta eskuin muturreko sektoreak, arrazakeria eta bazterkeria elikatzen. Gertatzen ari denaz, horren jatorriez eta konponbideez hitz egin du ARGIAk Amaia Arbulu eta Ibon Martínez de Agirre Errota Zaharra auzo elkarteko kideekin. Gasteizko auzo elkarteen eta hainbat herri mugimenduren artean adostu dituzten lan ildo interesgarriak aurreratu dizkigute.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2024ko azaroaren 25
ARGIA CC BY SA

Egoera nola ulertzen duten galdetuta, begirada luzeagoa eta zabalagoa proposatu du Martínez de Agirrek: “Lehenbizi, komunikabideak hasi ziren auzoaren inguruko albiste txarrak ematen etengabe, zonalde oso bat kriminalizatu zuten. Horretan aspaldi hasi ziren. Gero, batzuek bizilagunak bultzatu dituzte kalera ateratzera lonjen aitzakiarekin, gatazka areagotuz. Azkenik, azken asteetan etxe agentzien iragarki piloa agertu dira atarietan, auzokideei pisuak erosteko proposamena egiten. Ohartzen ari gara zentzu jakin bat duela guztiak”.

Bi interes mota azpimarratu ditu Martínez de Agirrek: “politikoak”, mobilizazioak eskuin eta eskuin muturreko sektoreei egiten dietelako mesede; eta “ekonomikoak”, auzoa gentrifikatuz negozioa egiteko. Izan ere, Errota hiriko auzo txiroenen artean dago, azpiegitura gabezi nabarmenak ditu, eta 200 lokal inguru hutsik. Egoera Euskal Herriko eta Europako hainbat hiritan errepikatzen dela diote auzo elkarteko kideek, eta auzoa “inflexio puntuan” dagoela. “Orain da unea auzo bizitza sustatzekoa, auzokideen komertzioen sorrera bultzatzekoa, bizikidetza lantzekoa, eta aniztasuna goraipatzekoa. Europan, hiri batzuetako auzoetan hori elikatu eta gora egin dute, beste batzuetan ez, eta erabat debaluatu dira”.

“Horretarako udalak lagundu egin behar du”, jarraitu dio hariari Arbuluk: “Zerbitzu sozialak jarri, baliabideak handitu, laguntza eman hutsik dauden lokalak bizia berreskuratu dezaten”. Delinkuentzia arazo bat egon badagoela dio, “baina zergati nagusia da gero eta jende gehiago bizi dela bizitzeko baliabide minimorik gabe”. Jatorrizko arazoa konpondu gabe ondorioak ez direla desagertuko uste du.

“Frustrazioagatik doaz manifestazioetara, egoerak gainezka egin die, ikusi dute deialdi bat eta esan dute, ‘behintzat zer edo zer egingo dut’”

Mobilizazioak, astero

Mobilizazioek kezka handia sortu dute auzo elkartean, eta tentsioa auzoan. Sustatzaileak eta bertaratu diren gainontzeko auzokideak bereizi dituzte auzo elkarteko kideek. Sustatzaile eta “interesatuen” artean eskuin eta eskuin muturreko sektoreak eta alderdi politikoak daudela ziurtatu dute, edo elkartera beren zerbitzuak eskaintzera hurbildu diren segurtasun pribatuko enpresak. Besteez, “auzoko jende arrunta da gehiena”, dio Martínez de Agirrek, “kezkatuta edota beldurtuta" dagoena: "Nik ulertzen dut ez dela goxoa gune gatazkatsu bat etxe azpian izatea”. Frustrazioaz mintzatu da Arbulu: “Batez ere frustrazioagatik doaz manifestazioetara, egoerak gainezka egin die, ikusi dute deialdi bat eta esan dute, behintzat zer edo zer egingo dut”.

Azken bi asteetan auzotik hirira jauzi egiten saiatu dira mobilizazioen antolatzaileak, baina herritar kopuruak behera egin du nabarmen, ehunera ere ez dira heldu, eta hedabideen arreta ere gutxitu da.

Udalak zer?

Mobilizazioak piztu geroztik, PSE-EE eta EH Bildu alderdietako udal ordezkariekin egin ditu bilerak auzo elkarteak. EAJren babesarekin gobernuan dagoen PSErekin “harrituta” daudela diote. Diagnostikoan bat egin zuten: konponbidea integrala eta auzo osorako izan behar duela, ez soilik lonjen gatazka zehatzean zentratuz, baliabide sozialak direla gakoa, El Correo eta PP mobilizazioak elikatzen ari direla... Bilera hartatik bi egunera prentsaurrekoa eman zuen Maider Etxebarria alkateak, eta iragarri zuen neurri bakarra Polizia kopurua eta presentzia handitzea izan ziren, “jende horrek” Gasteizen ez duela “tokirik” azpimarratuta.

EH Bilduk “laguntzeko prestutasuna” agertu ziela azaldu dute, “baina ematen du itxaroten daudela ea gatazkak zer norabide hartzen duen”. Aurrekontuei begira emendakin bat aurkeztea proposatu zion auzo elkarteak EH Bilduri, “baliabideak eskatzeko, ikusiko dugu”.

Azaroaren 12an Gasteiz mailako deialdia egin zuten antolatzaileek, baina auzokoetan baino herritar gutxiago agertu ziren. Argazkia: ARGIA CC- By-SA

“Ausardia” eskatu die bi alderdiei Martinez de Agirrek. “Elkartea atera da diskurtso bat egitera, jakinik auzokide batzuk aurka jarriko zaizkiola. Beraiek ere adierazpenen bat egin beharko lukete, pedagogia egin mezu ultren aurrean”.

Bi alderdiei, eta mobilizazioak hasi aurretik EAJri ere, gauza bera eskatu die elkarteak: lonja eta lokal hutsek komertzioak eta jarduerak hartzeko baldintzak sortzea, baten bat erosi eta zerbitzu sozialak jartzea bertan, auzo elkarteari leku publiko ikusgarri bat ematea auzokideen kezkak jasotzeko aukera izan dezan, aldarrikapen historikoa den osasun zentroa egitea... eta egun kale gorrian dauden gazteentzako baliabideak, bizi bat eraikitzeko aukera izan dezaten. “Nola integratuko zara, bizitzeko sabai bat ere ez baduzu?”, dio Arbuluk.

Polizia eta komunikabideak

Poliziaren presentzia asko areagotu dela auzoan eta etengabea dela diote auzo elkarteko kideek. Poliziaren lana “askoren artean adar bat” izan daitekeela uste dute, baina ez garrantzitsuena, planteatzen ari den moduan: “Irtenbidea Polizia kopurua handitzea balitz, arazoa jadanik konponduta legoke”, azaldu du Arbuluk.

Segurtasunaren berme ez izateaz gain, Poliziak segurtasun falta ere sor dezakeela gehitu dute. Etengabe autoetan pasatzen ikusteak eta edozein gatazkaren aurrean egiten dituzten esku hartze handi eta ikusgarriak “auzoa Bronx-a denaren iruditegia elikatzen du”, dio Arbuluk. “Efektistak dira, ez efektiboak”, gehitu du Martínez de Agirrek.

Horri gehitu behar zaio auzokide batzuentzako Polizia berez beldur iturri izan daitekeela –arrazializatuak, papergabeak, herri mugimenduetako kideak...– besteak beste ohikoak direlako arrazaren araberako identifikazio eta galdeketak, edo Ertzaintza eta bereziki Udaltzaingoa biolentzia handiz jardun delako maiz, bereziki gazte arrazializatuen aurka. Baina baita, esaterako, bortizkeria hori leporatu dieten edo irudiak hartzen saiatu diren zurien aurka ere.

Zortzi auzo elkarte eta hamar herri mugimendutako –migratzaileen aldekoak, gasteiztar arrazializatuenak, feministak, auzogintzan ari direnak...– hogeitik gora pertsona batu dira zer egin eztabaidatzeko

Auzo elkarteak eta herri mugimenduak, eskutik

Errotan gertatutakoa, mobilizazio arrazista antolaturik gabe bada ere, aurretik gertatu da Gasteizko Arana eta Alde Zaharra auzoetan. Hori dela eta, 2023ko urrian hiru auzo horietako eta Judimendiko auzo elkarteak elkartzen hasi ziren, gatazkei irteera komunitario bat eman asmoz. Bilera haiek amaitu ziren, baina orain berriz ere aktibatu dute elkarlaguntza eta saretzea, modu are zabalagoen gainera.

Iragan hastean zortzi auzo elkarte eta hamar herri mugimendutako –migratzaileen aldekoak, gasteiztar arrazializatuenak, feministak, auzogintzan ari direnak...– hogeitik gora pertsona batu ziren zer egin eztabaidatzeko.

Hiru lan ildo adostu zituzten. Lehena, instituzionala, “udalari eta alderdiei gure ikuspuntuak eta proposamenak helarazteko”. Bigarrena, kale mailan lan egitea, bi protokolorekin: bata, prebentiboa, gatazkak egon aurretik harremana egiteko, esaterako, lonja bat okupatu duten gazteekin zein inguruneko auzokideekin; bestea, gatazkaren bat piztuz gero nola erantzun aurreikusita izateko. Hirugarren eta azken ildoa arrazakeria eta bazterkeria ikusmira luzeagoarekin lantzea litzateke. PPko Javier Maroto arrazista alkatetzatik kanpo geratzea eragin zuen Gora Gasteiz ekimena izan daiteke horretarako erreferentzia.

Auzo elkarteek oro har ez dituzte bere garairik hoberenak bizi, Errotakoa ez da salbuespena, eta azken asteak lana eta emozioak gaindituta ibili dira bere kideak. Baina baikor daude Arbulu eta Martínez de Agirre, saretu duten marko zabal horrek fruituak emango dituela uste dutelako, eta auzokide batzuekin tentsioak izan badituzte ere, beste batzuk laguntza eskaintzera hurbildu zaizkielako. “Polita ere izaten ari da elkartasun hori sentitzea”.