argia.eus
INPRIMATU
Osakidetzatik “irteera ordenatua” egingo du La Pau anbulantzia enpresak azaroaren 30ean
  • Enpresak 2020tik eskaintzen zituen anbulantzia zerbitzuak Bizkaian eta Araban, eta “Irtenbiderik egokiena” dela balioetsi du Jaurlaritzak. Osasun Sailak “kontratuak betetzen direla ziurtatzearren” jarraipen-batzorde bat sortuko duela iragarri du.

Julene Flamarique 2024ko urriaren 23a
Osakidetzako anbulantzia bat. Irekia

La Pau enpresak Arabako eta Bizkaiko anbulantzia zerbitzua eskaintzeari utziko dio azaroaren 30a baino lehen Osasun Sailak esleitu zizkion zerbitzuak ez betetzeagatik hainbat zehapen ezarri ondoren. Osasun Saileko Administrazio eta Finantzaketa sailburuorde Lorea Bilbaok onartu duenez, enpresa katalanak ez du Osakidetzarekin dituen kontratuekin jarraitzeko asmorik eta hala jakinarazi dio Jaurlaritzari azken bileretan.

Astearte arratsaldean Lorea Bilbao sailburuordeak Kataluniako enpresarekin egindako bilera ostean hartu du erabakia. “Aukera guztiak aztertu eta gero” Jaurlaritzak La Pau anbulantzia-enpresarekin azaroaren 30a baino lehen "irteera ordenatua” egin dezan adostu du. Ordura arte osasun-garraioaren asistentzia “inolako etenik gabe bermatuta” dagoela azaldu du Osasun Sailak, beste enpresa batek Bizkaiko eta Arabako anbulantzia-zerbitzuaren kudeaketa bere gain hartu arte, larrialdi-kontratu baten bidez.

Gobernuak “irtenbiderik egokiena” dela azaldu du, La Paurekin izandako gorabeheren aurrean “erdigunean eta lehentasun gisa jartzen ditu pazienteak eta enpresetako langileak, eta nola ez, batzuen eta besteen eskubideak”. Enpresak lan-baldintzekin eta osasun zerbitzu kaxkarrekin lotutako kritikak jaso izan ditu; nominak berandu ordaintzea, anbulantzietan ez langile eta ez material nahikorik edukitzea... Sindikatuek “hutsegite oso larritzat” hartu izan dute kontua.

Uztailetik hona Kataluniako enpresak “izandako akatsen arabera jokatu du Osasun Sailak”, “eskatutako baldintzak ez betetzeagatik” neurri administratibo zein ekonomikoak aplikatu izan dizkiola. Hala eta guztiz ere, Berriak jaso duenez, anbulantzien kontratua berriro eskaini zion Jaurlaritzak La Pau-ri: larrialdietako kontratua 147 milioi eurotan eta programatutakoa 135 milioitan esleituta. Osasun Sailak jarraipen-batzordea sortzea erabaki du, “kontratuak betetzen direla ziurtatzearren”.