1983an hasi zen erleekin profesionalki lanean Martxel Aizpurua Agirre, Erleekin solasean liburuaren egilea. Erlauntzeko erle desberdinekin, erlezainarekin nahiz makala zuhaitzarekin kazetari moduan izandako hamabost “elkarrizketa” bildu ditu lanean, modu arin eta umoretsuan erlauntzeko bizitza eta funtzionamendua azalduz. Udako Euskal Unibertsitatearen webgunean eskura daiteke liburua.
Zerk bultzatu zintuen erleen mundua aztertzera, eta zerk liburua idaztera?
Formazioz biologoa naiz, historiaurreko polenaren azterketan hainbat urtetan aritu nintzen Aranzadi Elkartearekin, eta ondoren anaiarekin erle batzuk jarri eta haien eztiaren polena aztertzera pasa nintzen. Gerora eten bat izan nuen: munduari buelta emateko proiektu batean Afrikako itsaso batean nengoela, lehen sektorean hasi behar nuela bururatu zitzaidan. Lehen sektorean, zertan? Bada, ezin zuen bestela izan: erlegintzan eta eztigintzan! Liburuari dagokionez, lehendik ere baditut erleei buruz idatzitakoak, baina honen jatorrian ARGIAn aspaldi argitaratu nituen hiru artikulu daude: paper zaharren artean topatu nituen eta jarraipena ematea erabaki nuen.
Eta zer dela-eta erabaki zenuen umoretik, elkarrizketa forman idaztea?
Uste dut Erleekin solasean beharrean “Erleekin jolasean” ere izan zitekeela izenburua. Estilo horretako gauzak imajinatu eta lantzea gustatzen zaidalako hasi nintzen horrela. Orain, irakurri dutenekin hitz eginda, iruditzen zait erleez zer edo zer dakienak gustura irakurtzen duela, irribarre batekin, eta ezer ez dakienarentzat ere irakurketa erraza dela. Gainera, irakasle batek baino gehiagok aipatu dit ikasgelan lantzeko material polita dela.
Erlauntza osoa elkarrizketatzeko aukera izan duzu…
Bai, erle desberdinekin egin ditut elkarrizketak: erreginarekin, erlamandoarekin, segurtasun arduradunarekin, medikuarekin, kontabilitatekoarekin… guztiak irakurri ondoren osatzen da istorioa. Horrela egitea erabaki nuen, gogoratzen bainintzen ni umea nintzenean afalorduan irratian albaitari eta baserritar baten arteko fikziozko elkarrizketak botatzen zituztela, eta nola hantxe egoten ginen denak txintik atera gabe irratiaren bueltan. Beti gustatu izan zaizkit elkarrizketa horiek.
Asko aldatu al da erlezaintza azken 30 urte hauetan?
Bai. Guk 1986an elkartea sortu genuenean oso antzinako erlezaintza aurkitu genuen, eta gaixotasunak zirela-eta halabeharrez aldaketak egin behar izan genituen: ikastaroak antolatu, berrikuntzak ekarri, erlauntza modeloz aldatu… Orain Euskal Herrian profesional handiak daude eta erleei buruzko ezagutza handia dago. Elkarteari esker, hein batean, sektorea formatua dago, eta baliabideak ere badaude. Gu izan ginen, nolabait, garai bateko erlezaintzaren eta oraingoaren arteko zubia.