argia.eus
INPRIMATU
Irregulartasunekin hasiko da Berta Caceresen hilketaren kasuaren epaiketa
  • Epaiketaren data hiru aldiz atzeratua izan ostean, urriaren 19ko ostiralean emango zaio hasiera epaiketari. COPINHek (Honduraseko Erakunde Herritar eta Indigenen Hiri-Kontseilua) eta Caceresen familiak hilketaren autore intelektualak akusatuen aulkian jarriko ez direla salatu dute hasieratik, eta epaiketa justu baten alde borrokan ari dira.

ARGIA @argia 2018ko urriaren 19a
Berta Caceres oroitzeko mobilizazioa (Argazkia: ComisiĆ­n Interamericana de Derechos Humanos)

Tegucigalpako (Honduras) Botere Judizialeko bozeramaile Lucía Villars-ek jakinarazi du ostiralean ekingo zaiola epaiketari, eta alde guztiak deituta daudela. COPINHek asteazkenean salatutakoaren arabera, aldiz, jakinarazpenik egin gabe eta legezko instantziei bide eman barik zabaldu da deialdia. “Irregulartasunak hortxe diraute. Konplota geroz eta nabarmenagoa da. Ez dugu nahi zigorrik, bidezko epaiketa nahi dugu”, irakurri daiteke Twitter bidez zabaldutako mezuan.

Irailaren 10ean zen hastekoa Caceresen hilketaren gaineko epaiketa, baina lehenengo data hori irailaren 17ra arte atzeratu zen “frogen proposizioa egun batzuk luzatu zelako”, Naizek jasotzen duenez. Hilaren 17an aldiz, auzitegiak epaiketa aurreko prozesu osoan egindako irregulartasunak eta hilketaren autore intelektualak (hilketa prestatu eta berau burutzeko sikarioak kontratatu zituzten norbanakoak) epaitzeko borondate falta tarteko, COPINHek eta Caceresen familiak Honduraseko Fiskaltzari errekurtsoa jarri zion Justizia Gorte Goreneko Epai Auzitegiaren kontra, epaimahaia aldatzea exijituz. Bi data luzapen horien ostean, auzitegiak urriaren 15erako deitu zuen epaiketaren hasiera eguna. Deialdia “ilegalki” egin zela salatu zuen COPINHek, eta Berta Caceresen familiarekin batera, akusazio partikular gisa, ezespenari eutsi zion. “Akusazio partikularrak bidezko prozesu bat exijitzen du, dauden irregulartasun guztiekin ezin daiteke epaiketa hasi”, adierazi zuen COPINHek. Irregulartasun horiekin ekingo zaio epaiketari ostiralean.

“DESA errudun”

2016ko martxoaren 3an hil zuten Berta Caceres ekintzaile indigena, ekologista eta feminista La Esperanzako (Honduras) bere etxean. Hilketan, ondoan zuen Gustavo Castro ekintzaile ekologista mexikarra ere zauritu zuten, krimeran testigu bakarra.

Epaiketarekin batera, “DESA Errudun” kanpaina martxan jarri du COPINHek, Caceresen hilketan DESA (Desarrollos Energéticos S.A.) enpresak daukan erantzukizuna bistaratzea xede. Caceresen borrokan jo puntuan zegoen “Agua Zarca” proiektu hidroelektrikoaren jabea da DESA enpresa. Proiektuak eraiki asmo zuen presa hidroelektrikoaren eraikuntzaren aurrean, lenca herria eta Gualcarque erreka gogor defendatu zituen Caceresek, eta horregatik erahil zuten. DESA enpresa Caceresen heriotzaren atzean dagoela ondorioztatzeko hainbat ebidentzia daude.

COPINHek azpimarratu duenez, Caceresen kausa antzerako proiektuen aurrean beraien lurraldea defendatzeagatik urtero erahiltzen dituzten 200 pertsonatik gorak borrokatutako kausa berbera da, baita herrien eskubide kolektiboak eta maila internazionalean emakumeen eskubideak aldarrikatzen dituzten erakundeena ere. Adierazi dutenaren arabera, gobernuen eta indar amatuen konplizitatearekin hainbat enpresek beraien “garapenaren” ikuspegia inposatzeko daukaten inpunitatea ageriko egiten du Caceresen hilketak. Kanpainak guzti hori bistaratzea du xede.