argia.eus
INPRIMATU
Argiak lorturiko dokumentua
Irregulartasunak Lanbide Heziketaren finantzazioan?
  • Lanbide Heziketako irakasleak ez dagozkien funtzioak egitera bultzatzen ditu Jaurlaritzaren programa batek, ARGIAk eskuratu duen dokumentuaren arabera. Irakasleek proiektuak saldu behar dizkiete enpresei, eta egindako proiektu bakoitzagatik enpresak ikastetxeari ordaintzen dio zuzenean, ikastetxeak autofinantzatuz eta gurpil arriskutsuan kateatuz. Gainera, lan horien fakturan %25eko beherapena egin behar diete ikastetxeek enpresei, merkatuari konpetentzia desleiala eginez. Jaurlaritzak berak ere diru publikoz saritzen du programa: zenbat eta proiektu gehiago saldu, orduan eta baliabide ekonomiko eta pertsonal publiko gehiago jasoko ditu ikastetxeak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2019ko urtarrilaren 29a

Jorge Arévalo buru duen Lanbide Heziketako EAEko Sailburuordetzaren menpe dago Tknika zentroa, eta honek TKgune ekimena jarri zuen abian duela bost urte. TKguneren izena daraman programaren jarraibideak, Lanbide Heziketako ikastetxeetara bidaltzen dituzten jarraibideak, lortu ditu ARGIAk. 2018ko dokumentuaren arabera, EAEko 34 ikastetxek hartu dute parte programan eta berrikuntzaren eta ikastetxeak eta enpresak saretzearen aitzakian, ez dagozkien funtzioak betetzen ari dira irakasleak.

Berez irakasleek formakuntza edo aholkularitza baino eskaini ezin duten arren, enpresetara komertzialak bailiran joaten dira, enpresek izan ditzaketen beharrak aztertu eta proiektuak eskaintzera. Enpresak proiektu hori onartuz gero, proiektua burutzera eskainiko dio denbora irakasleak. Egindako bisita bakoitzagatik TKgunek diru kopuru jakin bat ordaintzen dio ikastetxeari, diru gehiago aurkeztutako proiektu bakoitzagatik, eta proiektuak lortu eta egin ostean, proiektuak duen kostearen %25 ordaintzen dio TKgunek ikastetxeari. Horregatik, dokumentuak zehazten du enpresei %100eko balioarekin aurkeztu behar zaiola faktura eta bertan adieraziko dela %25eko laguntza aplikatzen zaiola, ordaindu beharreko azken kopurua %75ekoa izanik. Alegia, amu horri esker merkatuan salduko litzatekeena baino merkeago saltzen duela proiektua ikastetxeak, Jaurlaritzaren %25eko diru-laguntza baliatuz. Faktura, Jaurlaritzaren NIFarekin egiten du ikastetxeak, baina saldu duen proiektua saldu duela, aholkularitza eta formakuntza gisa fakturatu beharko du, ikastetxe batek ezin duelako besterik eskaini.

Nola da posible administrazioak baliabide publikoak banatzea, irakasleek enpresentzat egindako lanen arabera? Ikastetxeen finantzazioa horren menpe uztea?

Dokumentuan adierazten denez, programa honetarako 1.400.000 euroko aurrekontua du TKgunek. Esan bezala, programan parte hartzen duten ikastetxeak diru publikoz finantzatzen ditu TKgunek, egindako bisita eta lortutako helburuen arabera. Horri gehitu behar zaio, enpresentzat lan egiteagatik enpresek ikastetxeari ordaintzen diotena. Pentsatzekoa da, bisitak eta proiektuak ikastetxearen diru-iturri inportanteak badira, irakasleen indarrak horretara bideratzeko arriskua handia dela, baita proiektu horiek lortu asmoz lehia areagotzekoa ere. Irakasleak, irakatsi ordez enpresentzat gero eta lan gehiago egiten aritzeko arriskua, alegia. Azken finean, helburuak lortzen dituen ikastetxeak pizgarri ekonomikoez gain orduak ere eskuratzen ditu, lan horietarako liberatzen diren irakasleak. Baina nola da posible, administrazioak baliabide publikoak irizpide horien arabera banatzea ikastetxeen artean? Baliabide horiek jasotzeko baldintza izatea irakasleak enpresa-lanak egitea? Nola da posible ikastetxeen finantzazioa horren menpe uztea eta ikastetxeen autofinantzazioa modu horretan sustatzea?

“Bisitak finantzatuta daudela aipatzea ekidin”

Esan bezala, zenbat eta bisita gehiago egin, orduan eta diru gehiago poltsikoratuko du ikastetxeak, baina hori enpresei ezkutatzea hobe dela dio dokumentuak: “Bisitak eta proiektuen definizioa finantzatuta daudela aipatzea ekidin behar dugu. Ikastetxeak bisitak egiteagatik diru bat jasotzen duela ikusarazten badiegu laguntzera gerturatzen den agente bat bezala ordez, gerta liteke bisitak egiteko interesa duen agente bat bezala ikus gaitzatela”. Interes ekonomiko horri, programak berak ezartzen duen presioa gehitu behar zaio, gutxieneko helburuak finkatzen baititu: “Ikastetxe guztiek bete beharreko gutxieneko 30 bisitako helburua ezartzen dugu eta 50ekoa horretarako gaitasuna duten enpresen kasuan; baita 120 enpresako gehienezko kopurua ere. Argitu beharra dago, bisita horiek burutzearen azken emaitza zerbitzuak garatzera heltzea izan behar dela. Finkatzen diren helburuak: lau bisitatik batean proiektu proposamen bat aurkeztea eta bost bisitatik batean zerbitzu bat garatzea”.

Zenbat eta bisita gehiago egin, orduan eta diru gehiago poltsikoratuko du ikastetxeak, baina hori enpresei ezkutatzea hobe dela dio Jaurlaritzaren dokumentuak, "interesa duen agente bat bezala" ikus ez dezaten irakaslea

Non dago informazio publikoa?

Jaurlaritzaren izenean bultzatzen ari diren programa honen berri izatea ez da erraza. Beste programen oinarriak, dekretuak eta aurrekontu-partidak publikoak diren arren, programa honi buruz ez dugu aurkitu, esaldi soil batetik harago, oinarri zehatzik. Programa honek jasotzen duen diru-laguntza ere, egindako proiektu bakoitzeko ikastetxeak jasotzen duen %25eko diru-laguntza, ez dugu araututa aurkitu. Saiatu gara Hezkuntza sailburuordetzarekin harremanetan jartzen, baina ez dugu haiekin hitz egitea lortu.

Zein dago honen guztiaren atzean?

Dokumentuaren arabera, irakasleak enpresetara doazenean, honakoa garbi utzi behar diete enpresei: “Azpimarra berezia jarri behar da, egitasmoaren bultzatzaile nagusia Eusko Jaurlaritza, Lehendakaritza, dela”. Ziurrenik, Lehendakaritzaren zigilu horrek berak lagunduko du enpresetan eta ikastetxeetan suertatu daitezkeen kezka eta zalantzak uxatzen, iluna antzematen den jardun honen aurrean.

Hain juxtu, Lehendakaritzatik omen datorren enpresa zerrenda bat ere jasotzen du ikastetxe bakoitzak, proiektuak enpresa horietan aurkez ditzaten. Zerrendan ez dagoen beste enpresa batera ere joan daiteke irakaslea, baina gero ikastetxe horrek ez du dirurik jasoko programatik, enpresa hori beste eskola bati badagokio. Zeinek eta zein irizpideren arabera osatzen du enpresen zerrenda?

Berrikuntza eta garapena saltzen du Jaurlaritzak, baina ikastetxeak enpresa-lanak egiten jartzeari ez diogu berrikuntza tankerarik hartzen, gardentasunetik gutxi duen ziriarena baizik.

Irakurri artikulua PDF formatuan.