Konfinamenduko asteotan, Euskal Herriko zenbait txokotan euskarazko irrati piratak sortu dituzte: Gipuzkoako Lezo, Lasarte-Oria, Oñati eta Zumaia herrietan, esate baterako.
Ez Youtube, ez Instagram, ez Facebook. Euskal Herriko zenbait herritako gazte taldeak irrati piratak ari dira erabiltzen komunikatzeko, beste herritarrekin edukiak eta hausnarketak zabaltzeko. Baliabide oso gutxirekin, baina irudimenez beteak. Gipuzkoako Lasarte-Oria, Lezo, Zumaia eta Oñati herrietan sortu dituzte irrati pirata horietako batzuk konfinamendu garaiko asteotan.
Zumaian, esate baterako, FMko 93.00 frekuentzian ari da igortzen irrati pirata, eta Ivoox plataforman eta Telegrameko kanalean ere entzun daiteke. «Duela urte pare bat hasi ginen irratia sortu nahian», azaldu du Asier Etxaniz irratiko kideak —Katuplaza saioa aurkezten du, Julen Aperribairekin batera—. «Baina udalak ez zigun lokalik eman, eta ez zuen aurrera egin. Konfinamendua hasi zenean, aldiz, hiru gaztek irratia jarri zuten martxan». Hasieran soilik musika jartzen zuten, baina handik gutxira Katuplaza irratsaioa egiteari ekin zioten Etxanizek eta Aperribaik. «Gai herrikoiak lantzen ditugu, eta herriko jendea elkarrizketatzen dugu. Azkeneko atalean, adibidez, arrantzale bat. Herriko albisteak ere ematen ditugu», azaldu du Etxanizek. Programak ez du maiztasun zehatzik. Hurrengo atala, edonola ere, bihar 17:00etan egingo dute.
Lezon, berriz, Zeorri aldizkaria martxan jarri duen gazte taldeak sortu du irrati pirata. «Aspalditik genuen buruan irratsaioaren bidez ahoz lantzeko egokiagoak diren gaiak edota aldizkarian landu ezinezko gaiak jorratzea. Orain arte, ordea, ez dugu denborarik izan horri guztiari forma emateko. Nahiz eta irratsaioa itxialdian sortu den, ez da saiakera isolatu bat, komunikazio esparruan aurre-lanketa egin baikenuen lehenagotik», azaldu dute Zeorri-ko kide Aitzol Saizarrek, Ainhoa Salaberriak eta Aitor Salaberriak. «Gure jarduna herritarren sormen lanak biltzea eta jasotakoarekin forma ematea bihurtu da. Baina ez dugu umorezko saio soila izatea nahi. Horregatik, gure eduki propioak lantzen saiatzen gara, eta elkarrizketak bihurtu ditugu lanketa horren plaza». Lehen bi atalak Ivoox plataforman daude entzungai.
Oñatin, Antixena gaztetxekoek jarri dute martxan irrati pirata. Youtuben entzun daitezke Berandu eta gaizki irratsaioaren aurreneko bi atalak.
Lasarte-Orian, Palmondo irratia jarri dute martxan. Herriko babes sarean piztu da ideia, «elkarrekin komunikatzeko eta sozializatzeko» topagune bat eratzeko. Konfinamenduko esperientziak eta bestelako gaiak lantzen dituzte. Astean bi saio egiten dituzte: «Asteazkenetakoa politikoagoa da; larunbatetakoa, informalagoa». Saioak Palmondoirratia.noblogs.org blogean entzun daitezke.